Ekonomia -
Egitasmoa bertan behera
Zorrotzaurrek aurrera jarraituko du BBKren dorrerik gabe
Finantza-entitateak 20 solairuko dorre bat eraikitzea zuen aurrikusita, 120 milioi euroko inbertsioa eginez. Dorreak Zorrotzaurreko eraikinen "maila arkitektonikoa" markatu behar zuen.
Erredakzioa
BBK aurrezki-kutxak hartutako erabakiarekin ulerkor agertu da Bilboko Udala. Zorrotzaurreko uhartean egoitza berri bat egiteko proiektua "baztertu" egin du aurrezki-kutxa bizkaitarrak, baina zonako egitasmoa aurrera eramateko oztopo izango ez dela erantsi du.
Udaleko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, Bilboko Udalak BBK-ko jokaera ulertzen du; izan ere, egungo egoera ekonomikoak proiektua bertan behera gelditzea eragin du. Dena den, udalaren hitzetan, aurrezki-kutxak ez du proiektua ukatu, egoerari "moldatzen" ari da.
BBK-ko iragarpena eta Deustuko kanalaren proiektuaren lizitazioaren aurkezpena batera gertatu da. Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzuen zinegotziaren hitzetan, Zorrozaurreko penintsula irla bihurtzeko "pausu handi bat eman dugu".
Finantza-entitateak 20 solairuko dorre bat eraikitzea zuen aurrikusita, 120 milioi euroko inbertsioa eginez. Dorreak Zorrotzaurreko eraikinen "maila arkitektonikoa" markatu behar zuen.
Udalaren arabera, Zorrozaurreko 800.000 metrotik % 35 eraikin pribatuak izango dira, eta beste % 25 ekintza ekonomikoei bideratu beharko dute.
Bestalde, % 18 gune libreak eta berdeak izango dira, eta 5.000 etxebizitza egingo dituzte, horietatik, erdiak babes ofizialeko etxebizitzak izango dira.