Ekonomia -
Kongresua
Gobernuak 'ahal duen guztia' egiten du euskal txakolina babesteko
Rosa Aguilar Ingurugiro, Nekazaritza eta Arrantza ministroak jatorri izenen "erabilera desegokiaren" kontra neurriak hartzeko eskatu die Gaztela eta Leoni eta Kantabriari.
Erredakzioa
Rosa Aguilar Ingurugiro, Nekazaritza eta Arrantza ministroak esan du Gobernua "ahal duen guztia" egiten ari dela txakolinaren hiru euskal jatorri izenak babesteko eta Gaztela eta Leonen eta Kantabrian egiten ari diren "erabilera desegokiak" galarazteko.
Aguilarrek Joseba Agirretxea EAJren diputatuak egindako galderari erantzun dio Kongresuan. Diputatu jeltzaleak gogorarazi du txakolina Euskal Herrira lotuta dagoela "historikoki" eta Gobernuari neurriak eskatu dizkio "iruzurren" aurrean euskal jatorri izenak babesteko.
Agirretxeak azaldu duenez, Burgoseko iparraldean txakolin gisa saldu nahi dute ardo mota bat eta Gaztela eta Leongo Gobernuak ekimena babestuko du, eta hori "engainua" da.
Izan ere, 2002tik txakolin izendapena Euskal Herriko hiru jatorri izenetara mugatu dute: Getariko txakolina, Bizkaiko txakolina eta Arabako txakolina, Europako Batzordearen araudian agertzen denez.
Gainera, iazko urrian ez legezko proposamen bat onartu zuten aho batez Gobernuak ahal duena egin dezan txakolina "jatorri izendapenei dagokien lurraldeetara mugatzeko".
Horren harira, ministroak berretsi du Gobernua "behar duen guztia" egiten ari dela txakolinaren jatorri izena babesteko, eta Eusko Jaurlaritzaren eskaria aintzat hartu duela Gaztela eta Leonen eta Kantabrian ustez egin duten "erabilera desegokiaren" inguruan.
Hori dela eta, Gobernuak informazioa eskatu die bi erkidego horiei (eta berriro eskatu behar izan dute erantzunik jaso ez dutelako) eta Jaurlaritzarekin elkarlanean dihardu.
Dena dela, iruzurraren kontrola eta jatorri izenen erabilera desegokiak erkidegoen eskumena direla gogorarazi du. "Gaztela eta Leoni eta Kantabriari behar dugun informazioa eman dezatela exijitu diegu eta neurriak har ditzatela txakolinaren jatorri izena modu desegokian erabil ez dezaten", berretsi du.