Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskotreneko langileek lanuzteak egingo dituzte azaroaren 9an
Maiatzean zuzendaritzarekin sinatu zuten hitzarmena indarrean jartzeko exijitzen dute sindikatuek. Lanuzteak zerbitzu guztietan izango du eragina: trenean, tranbian, autobusean eta funikularrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskotreneko langileek lanuzteak egingo dituzte azaroaren 9an, duela sei hilabete sindikatuek eta zuzendaritzak adostutako lan-hitzarmena "berehala" onar dezala exijitzeko Eusko Jaurlaritzari.
ELA, Independenteak, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariek maiatzaren 10an sinatu zuten 2017-2020 urteetarako lan-hitzarmena zuzendaritzarekin, baina oraindik ez dute indarrean jarri, Eusko Jaurlaritzak onartu ez duelako.
Horrela bada, azaroaren 9an lanuzteak egingo dituzte, goizean (11:00-13:00) eta arratsaldean (18:00-20:00), zerbitzu guztietan: trenean, tranbian, autobusean eta funikularrean.
Sindikatuek azaldu dutenez, soldatak nahiz lan-baldintzak hobetzea adostu zuten, "baina oraindik ez dituzte onura horiek aplikatu". Halaber, behin-behineko 110 lanpostu finko bilatzea, langile guztiek oporretako egutegia izatea eta azken urteotako galera ekonomikoak berreskuratzea hitzartu zutela gogoratu dute.
"Sei hilabete igaro dira hitzarmena sinatu genuenetik eta uste dugu denbora nahikoa dela ituna indarrean jartzeko; Eusko Jaurlaritzaren jarrera errespetu falta bat da Euskotreneko langileentzat eta gure familientzat, baita akordioa borondate onez negoziatu zutenentzat ere", salatu dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak lan-hitzarmena indarrean jarri ez izanak herritarrengan eragina izango duela ohartarazi dute; izan ere, "Gabon-gauean eta Gabon zahar gauean ez da garraio zerbitzurik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zerbitzu horiek eskaintzeko aukera lan-hitzarmen berrian soilik dagoelako jasota", azaldu dute.
Horrenbestez, langile-batzordeak uste du Eusko Jaurlaritza "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela.