Ekonomia -

Krisiari buruzko txostena

NDF: 'Kritika ezak krisiaren larritasuna aurreikustea galarazi zuen'

Nazioarteko Diru Funtsak "gehiegizko" konfiantza izan zuen erakunde finantzario handiengan, eta higiezinen "boom"aren harira sortutako arriskuei garrantzia kendu zien.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsa ez zen krisiaren aurreko urteetan hori iragartzeko gauza izan; neurri handi batean, "pentsamolde uniformea"ren korronte orokorrari jarraitu ziolako, finantza sistemaren ahultasunaren arriskuak kontutan izan barik, Nazioarteko Diru Funtsaren jarduera kontrolatzeko Ebaluazio Independeteko Bulegoaren txosten baten arabera.

Krisi ekonomikoaren eta finantzarioaren aurreko urteetan, 2004 eta 2007 urteen artean, Nazioarteko Diru Funtsaren jarduera aztertzen duen txosten horren arabera, erakundeak arriskuei buruzko "jakinarazpen argi gutxi" eman zituen, eta "gehiegizko" konfiantza izan zuen erakunde finantzario handiengan; era berean, zentro finantzario nagusien jokabidea babestu zuen.

2004 eta 2007 urteen artean Rodrigo Ratok zuzendu zuen erakunde hori, eta higiezinen "boom"aren harira sortutako arriskuei eta berrikuntza finantzarioei, eta arrisku horiei aurre egiteko arauketa handiago baten beharrari garrantzia kendu zien, Ebaluazio Independeteko Bulegoaren ustez.

Era berean, arriskuak antzemateko Nazioarteko Diru Funtsaren gaitasuna eragotzi zuten, besteak beste, "taldeko pentsamendu-maila handi bat, atzemate intelektuala eta ekonomia garatuen artean krisi finantzario handi bat nekez sinestekoa zela".

Halaber, "barne gobernantza ahul batek eta kontrako ikuspegiak etsitzen dituen erakunde-kultura batek zeregin handia" izan zutela uste dute.

Moises Schwartz Ebaluazio Independeteko Bulegoko zuzendariak agiri batean jakinarazi duenez, Nazioarteko Diru Funtsa, munduko ekonomiaren osasuna babesteko asmoz, "zenbait pausu" eman ditu.

Dena den, Schwartzek ohartarazi duenez, Nazioarteko Diru Funtsak pausu gehiago eman behar ditu eta "erreforma osagarriak" egin beharko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea