Ekonomia -
Mobilizazioa
Jaiegunetan irekita dauden dendetan ez erosteko eskatu dute Arabako sindikatuek
"Gure aisialdia ez da negozioa. Jaietan denok jai!" lemapean, elkarretaratzea egin du Gasteizen Jaietan Denok Jai plataformak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaiegunetan irekita dauden merkatal-gune handietan ez erosteko eskatu die herritarrei ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuek osatzen duten Arabako Jaietan Denok Jai plataformak. Gizartea kontzientziatzeko eta jaiegunetan dendak irekitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute igande honetan Gasteizen, "Gure aisialdia ez da negozioa. Jaietan denok jai!" lelopean.
Ruben Espino plataformako bozeramaileak azaldu duenez, eredu ekonomiko horrek "prekarietatea baino ez dakar, emakumezkoen artean bereziki, soldata txikiekin, kontratu partzialekin, eta denda ertainekiko eta txikiekiko lehia desleiala".
Espinoren esanetan, enpresa handiek ere aitortu dute igandetan eta jaiegunetan irekitzeak "galerak dakartzatela", jasangarria dela bakarrik lan-baldintza prekarioekin, eta "marka bultzatzeko asmoz" bakarrik egiten dutela. Jaiegunetan dendak zabaltzeak ez du kontsumo handiagorik eragiten, kontsumoa egun batetik bestera darama bakarrik. Espinok gaineratu duenez, kontsumitzaileek ez dute denda-irekiera zabalagoren beharrik.
Ondorioz, "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die herritarrei, jaiegunetan irekita dauden dendetan eros ez dezaten, horrek langileen "esplotazioa" dakarrelako.