Ekonomia -

EAEko zerga-bilketa

Zergen atzerapenak zerga-bilketaren murrizketa eragin du EAEn

EAEko Ogasun erakundeek 11.700 milioi euro jaso zituzten 2010ean, Euskal Finantzen Kontseiluak aurreikusitakoa baino 100 milioi euro gutxiago, eta 2009an jasotakoa baino % 8,4 gutxiago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Ogasun erakundeek 11.700 milioi euro jaso zituzten 2010ean, Euskal Finantzen Kontseiluak aurreikusitakoa baino 100 milioi euro gutxiago. Murrizketa horren atzean, besteak beste, zerga kontzertatuen atzerapena eta BEZaren bilketa txikiagoa dago.

Euskal Finantzen Kontseiluak joan den urrian egindako bileran 11.800 milioi eurotan aurreikusi zuen zerga-bilketen diru kopurua, aurreko urtean baino % 9,3 gehiago.

Baina azkenean, 11.700 milioi euro jaso dituzte, 2009an baino % 8,4 gutxiago.

Euskal Finantzen Kontseiluak bilera egin du arratsaldean. Bertan Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek iragan ekitaldiko diru-bilketa itxi dute formalki. Era berean, aldundiek Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenaren likidazioa egin dute, 7.978 milioi eurotan finkatuz. Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak eta Jose Luis Bilbao (Bizkaia), Markel Olano (Gipuzkoa) eta Xabier Agirre (Araba) diputatu nagusiek prentsaurrekoa eman dute Gasteizen, bilduta hiru ordu eman ostean. Urrian aurrikusitakoa baino diru gutxiago bildu dute erakundeek, baina Aguirrek BEZren mailari egotzi dio, "urte bukaeran lasaitu egin baitira". Gainera, zergen 500 milioi euroko ordainketa atzeratzeak eragina izan duela gogorarazi du Ekonomia sailburuak.

Dena den, Aguirrek gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak 2010 urterako prestatutako aurrekontuetan, 11.300 milioi euroko diru-bilketa aurreikusi zuen; hori dela eta, hasieran aurreikusitakoa baino 500 milioi euro gehiago jaso dituzte.

PFEZren bidez jasotako dirua 4.065 milioi eurokoa izan da, 2009an baino % 3,8 gehiago. BEZari dagokionez, 4.500 euro jaso dira horren bitartez, 2009an baino % 28 gehiago. Sozietaten gaineko zergaren diru-bilketan, ordea, % 19,9ko murrizketa izan da, eta 987 milioi euro jaso dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea