Ekonomia -
BBVA dorrea
Aldundiaren bulegoak ez dituzte bi urte baino lehen Bizkaia dorrera eramango
Ibone Bengoetxea Administrazio Publikoko diputatuak azaldu duenez, eraikinaren alokairuak urtean 1,6 milioi euroko kostua izango du.
Agentziak | Erredakzioa
Bi urte baino lehen bulegoen zati bat Bilboko Kale Nagusiko BBVA dorre zaharrera eramatea ez du aurreikusten Bizkaiko Foru Aldundiak, Ibone Bengoetxea Administrazio Publikoko diputatuak gaur ziurtatu duenez.
Foru ordezkariak agerraldia egin du Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, Talde Mistoak eskatuta, lekualdaketaren berri emateko, ganberako iturriek jakitera eman dutenez. Horrela, Aldundiak Bilbon sakabanaturik dituen bulegoak zentralizatu nahi dituzte.
Bengoetxeak azaldu duenez, eraikineko 8.667 metro karratuen alokairuak 1,6 milioi euroko kostua izango du urtean.
Aldundiari eraikina “baldintza zehatz batzuekin” 2020ko amaieran entregatzeko konpromiso bat dagoela esan du diputatuak. “Entrega amiantorik gabe egitea bermaturik” dagoela ziurtatu du Bengoetxeak.