Ekonomia -

Energia

Frantziako 58 erreaktore nuklearretatik 14 itxiko dituzte 2035erako

Gainera, lurreko energia eolikoaren ekoizpena hirukoiztu egingo du 2030erako, fotovoltaikoa boskoiztu eta 45 konkurtso berri abiatuko ditu, itsasoko parke eolikoak handitzeko.

Fessenheimgo zentral nuklearra (Frantzia). Argazkia: EFE
Fessenheimgo zentral nuklearra (Frantzia). Argazkia: EFE
Fessenheimgo zentral nuklearra (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako 58 erreaktore nuklearretatik 14 itxiko dituzte 2035erako, hasieran ezarritako helburua baino hamar urte beranduago. Fessenheimgo zentralaren bi erreaktoreekin hasiko dira; izan ere, 2020ko uda baino lehen ixteko asmoa dute.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaldu duenez, lurreko energia eolikoaren ekoizpena hirukoiztu egingo dute 2030erako, fotovoltaikoa boskoiztu eta 45 konkurtso berri abiatuko dituzte, itsasoko parke eolikoak handitzeko.

Agintaldiko zenbait promes zehaztu ditu Frantziako estatuburuak, besteak beste, 2022rako ikatz fabrikak ixteko helburua eta energia fosiletatik ateratzeko pizgarriak areagotzea, 2050ean halakorik ez ekoizteko.

Energia berriztagarrien finantziazioa urtero 5.000 milioi eurotik 7.000 edo 8.000 milioira pasako dela iragarri du Macronek. Aldi berean, erregaien gaineko zergak petrolio salneurriaren gorabeheretara egokitu direla agindu du buruzagiak.

Erregaien gaineko zergak

“Zergen igoera petrolio merkatuari egokitu behar zaio. Tasa adimendunagoa izateko datozen hiru hilabeteetan metodo bat aurkitzea espero dut; izan ere, pixka bat itsua da egun, eta munduko prezioen gorakada batek sor dezakeen eragina murrizteko hiruhileko bakoitzean hitzordu bat izango dugu”, esan du Macronek, energia politika aurkezteko hitzaldian.

'Txaleko horien' herri mugimenduak erregaien tasen igoeraren aurka protesta egin du azken egunotan.

“Trantsizio ekologiko eta sozialaren inguruko hitzarmen zabal” bat iragarri du Macronek. Horretarako, politikariek eta elkarteek eztabaida bultzatu beharko dute lurralde bakoitzean, hiru hilabetetan konponbide “sinpleago eta zehatzagoak” jasotzen dituen bide-orri bat prestatzeko.

Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikoko ministro ohiaren leloa berreskuratu du presidenteak: “Munduaren bukaera eta hilabete amaiera aldi berean aztertu behar ditugu”. “Biak lantzeko” asmoa duela erantsi du Macronek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Frantzia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Larrialdi klimatikoa 2024