Ekonomia -

Lan-gatazka

Mobilizazioak deitu dituzte, Haurreskoletako administrarien eskubideen alde

Haurreskoletako administrazioko langileen baldintzak hobetzea exijitzeko, Steilas eta ELA sindikatuek lanuzteak egingo dituzte abenduaren 4an eta 11n, eta 19an grebara joko dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas eta ELA sindikatuek iragarri dute mobilizazioak abiaraziko dituztela abenduan, Haurreskolak Partzuergoko Administrazioan lan egiten duten beharginen baldintzak hobetzeko asmoz.

Abenduaren 4an eta 11n lanuzteak deitu dituzte; eta abenduaren 19an grebara joko dute.

Bi sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez, Haurreskoletako administrariak "urteak daramatzate baldintza prekarioetan lanean".

Langile finkorik ez dagoela, guztiak behin-behineko kontratuekin daudela, bajak ordezkatzeko kontrataziorik egiten ez dela eta, Hezkuntza Saileko administrariekin alderatuta, Haurreskoletakoak kategoria baxuagoan daudela eta, ondorioz, askoz gutxiago kobratzen dutela salatu dute.

Gauzak horrela, Haurreskoletako Administrazioko beharginak lanpostuz aldatzen saiatzen dira, "baldintza duinen bila". Sindikatuen esanetan, azken urtean, 25 langiletatik 16k lana utzi dute. "Datu kezkagarria da, lan-taldearen % 64 suposatzen baitu horrek", erantsi dute.

Bestalde, Haurreskoletako Partzuergoak eta LAB sindikatuak 2018ko martxoan sinatu zuten akordioa berriro kritikatu dute, nahikoa ez dela iritzita.

Hala ere, "eta ordutik hona bederatzi hilabete pasatu badira ere, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak ez dute urratsik eman kolektibo honen baldintzak hobetzeko; lanpostuen zerrenda prekario bat soilik aurkeztu dute Negoziazio Mahaian, baina negoziaziorik egin gabe", deitoratu dute.

Horrenbestez, mobilizazioak deitzea erabaki dute bi sindikatuek, Haurreskoletako administrarien eskubideen defentsan.

Besteak beste, lanpostu duinak bermatzea, kategoriak eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatzea, ordezkapenak egiteko araudi propioa sortzea eta lanpostuak egonkortzeko lan eskaintza publiko bat deitzea aldarrikatzen dute.

Amaitzeko, LAB sindikatuari mobilizazio horiekin bat egiteko gonbita luzatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Lana Ekonomia Albisteak Hezkuntza Sindikatuak