Ekonomia -
Lan deialdi publikoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak 338 lanpostuko lan deialdi publikoa egingo du
Gipuzkoako Diputazioak inoiz egindako deialdirik handiena da. Oposaketak datozen hiru urteetan egingo dituzte eta lehendabiziko probak 2019ko urtarrilean izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak 338 lanpostuko deialdi publikoa egingo du datozen hiru urteetan. Plaza horietako % 10 desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta egongo dira, eta beste hiru lanpostu desgaitasun intelektuala dutenentzat izango dira.
Markel Olano ahaldun nagusiak eta Imanol Lasa Foru Gobernuko bozeramaileak agerraldia egin dute lan eskaintza publikoari buruzko xehetasunak emateko. Gipuzkako Diputazioak inoiz egin duen deialdirik handiena izango da.
338 lanpostuetatik 21 Ogasun teknikariei zuzenduta egongo dira. Deialdi hori joan den urtean onartu zuten eta oposaketak 2019ko urtarrilean izango dira.
Markel Olanoren iritzian, deialdia Diputazioa modernizatzeko prozesuan mugarri izango da, "enplegua eta arreta soziala sustatzen lagunduko du eta etorkizuneko transformazioa bermatuko du".
Bestalde, ahaldun nagusiak azpimarratu du datozen hamar urteetan erakunde horretako funtzionarioen erdiak (900 behargin inguru) erretiroa hartuko duela. Beraz, “lan eskaintza publiko honek belaunaldi aldaketa ahalbidetuko du”, erantsi du.
Lehiaketa honetan merituak, ikasketak eta hizkuntzen ezagutza kontuan hartuko dituztela adierazi du.
Azterketen egutegi orokorra 2019ko urte hasieran jakinaraziko dute, eta lehendabiziko probetarako deialdiak (administrariak, gizarte langileak eta medikuak) urtarrilean egingo dituzte.
Azkeneko lan eskaintza publikorik handiena 2006an egin zuten. 193 lanpostuko deialdi publikoa egin zuen Foru Aldundiak, eta 7.708 pertsona aurkeztu ziren.