Ekonomia -
Bidaia ofiziala
Zapaterok energia berriztagarriak izango ditu hizpide Abu Dhabin
Espainiako Gobernuko presidentea Arabiar Emirerri Batuetara joan da eta nazioarteko elikadura feria batean ere parte hartuko du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak energia berriztagarrien eta elikaduraren alorrean Espainiako enpresentzako aukera berriak bilatuko ditu Abu Dhabin eta Dubain egiten ari den bidaia ofizialean.
Zapatero atzo iritsi zen Arabiar Emirerri Batuetara Qatarretik. Azken herrialde horretan 3.000 milioi euroko inbertsioa lortu zuen eta horietako 300 aurrezki kutxak kapitalizatzera bideratuko dituzte.
Gobernuko iturriek azaldu dutenez, Abu Dhabi petrolio ekoizle handiak energia garbien alde egin duen apustuaren baitan kokatzen da Zapateroren bidaia.
Zapatero Masdar hirira joango da, bertako basamortuan, 1.500 enpresaren laguntzarekin, proiektu berezia burutzen ari baitira teknologia garbien alorrean.
Hiriak 50.000 biztanlea izatea da helburua eta munduko eguzki zentral handiena eraikita, energiaren % 90 lortzea.
Bisita horren ostean, Zapatero Gulfood nazioarteko elikadura feriara joango da, izan ere, Espainia da aurtengo gonbidatua.
Orotara 123 elikagai, edari eta ostalaritza alorreko enpresa bilduko dira eta helburua negozioak egitea izango dute, Pertsiako Golkoan kontsumitzen diren produktuen hamarretik bederatzi inportatu egiten baitituzte.
Zapatero arratsaldean itzuliko da Madrilera, handiko Tunisiara joan nahi baitu trantsizio prozesuari babesa agertzera.