Ekonomia -

Langabezia

2018an 122.000 langabe izan dira Hego Euskal Herrian

% 6,17 egin du behera langabeziak azken urtean EAEn. Nafarroan, berriz, 2.890 langabe gutxiago (% 8,09) zenbatu dituzte 2018an.

Langabezia datuak EAEn eta Nafarroan 2018an. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Jendea Lanbideko bulego batean sartzen
Langabezia datuak EAEn eta Nafarroan 2018an. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Enplegu Zerbitzuak 2018ko langabezia datuak zabaldu berri ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan 119.674 langabe zenbatu dituzte urte osoan, 2017an baino 7.873 gutxiago. Beraz, % 6,17 egin du behera, Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera.

Azaroko datuekin parekatuta, 1.825 pertsona gutxiago zeunden langabezian 2018ko abenduan. Beraz, % 1,50 egin du behera.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Bizkaiak izan du beherakada nabarmenena, 4.732 pertsona gutxiago (% 6,49) zenbatu baitituzte langabezian; 68.204 langabe, guztira. Araban, berriz, 847 lagun gutxiago (% 4,10) zenbatu dituzte langabezian, 19.792 guztira, eta Gipuzkoan, 2.294 gutxiago (% 6,75), 31.678 langabe zenbatu baitituzte.

Lurraldez lurralde azaroko datuekin parekatuta, Bizkaian 1.362 pertsona gutxiago (% 1,96) zenbatu dituzte langabezian abenduan. Araban, berriz, 103 lagun gutxiago (% 0,52) zenbatu dituzte langabezian, eta Gipuzkoan, 360 gutxiago (% 1,12).

Sektorez sektore aztertuta, Zerbitzuek izan dute beherakada garrantzitsuena, 1.973 pertsona gutxiago; atzetik, aurretiko enplegua ez zutenen taldea dago, 632 langabe gutxiago izan baitira. Nekazaritzan 111 lagun gutxiago izan dira langabezian. Industrian, ordea, 633 lagun gehiago izan ziren; eta, Eraikuntzan, 258 pertsona gehiago.

Luzaroko langabeen kopuruak ere behera egin du, % 9,5 pertsona gutxiago izan baitira. Bestalde, kontratu mugagabeak 2017an hitzartutakoak baino % 20,8 gehiago izan dira.

Estatuko datuei dagokienez, 2018an 210.484 langabe gutxiago (% 6,2) izan ziren. Guztira, 3.202.297 pertsona zenbatu dituzte Estatuan lanik gabe, 2008tik jasotako zifrarik baxuena.

Langabeziak Andaluzian (22.306 lagun gutxiago), Madrilen (6.578, gutxiago) eta Valentzian (4.433) ere egin du behera. Kantabrian (718) eta Errioxan (172), berriz, gora.

Nafarroan 2.890 langabe gutxiago

Nafarroako Enplegu Bulegoen datuen arabera, 2017ko datuekin alderatuz gero, 2018an % 8,09 egin du behera langabeziak. 2.890 dira, horrenbestez, Nafarroan lanik gabe daudenak.

Abenduan % 0,52 egin du behera langabeziak. 173 pertsona dira, beraz, Nafarroan lanik gabe abenduan izan direnak.

Eusko Jaurlaritzak 2018ko datuak goraipatu ditu

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du EAEn "enpleguak izandako urte ona", eta 2019an ildo beretik jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Sailburuaren esanetan, 2016ko azaroan, legealdiaren hasieran, 137.700 langabe zeuden; egun, berriz, 119.674 pertsona, beraz, 18.026 pertsona gutxiago izan dira "bi urteren buruan".

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak bere erronketariko bat bete duela adierazi du Artolazabalek, langabezia-tasa % 10 baino txikiagoa baita. "Ez gara gelditu behar, gizarte osoaren, enpresen eta erakundeen lana da. Lanpostu finko gehiago lortu behar ditugu, eta kalitatezkoak", azpimarratu du sailburuak.

Gainera, heziketa eta teknologiaren aurrerapenek ematen dituzten aukerak enpresetan barneratzeko beharra azpimarratu du Jaurlaritzako ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Kantabria