Ekonomia -
2027an
ELA: 'Pentsioen Erreformak 69 urtera atzeratuko du erretiro adina'
Sindikatuaren aburuz, egungo Pentsioen Erreformaren Legea aplikatuz gero, BPGren % 3,5 "aurreztuko du" Estatuak, 2010eko 37.000 milioi adina, hots, ekitaldi horretako pentsio-gastuaren ia %40.
Erredakzioa
ELA sindikatuak salatu duenez, "iraunkortasun faktorea" jasoko du Espainiako Gobernuak onartutako aurreproiektuaren Pentsioen Erreforma Legeak. Faktore horrek erretiroa hartzeko adina eta bizi-itxaropena jarriko ditu harremanean. ELAK azaldu duenez, "2027 urterako legezko erreforma guztiak izango dira indarrean" eta horrek "erretiroa hartzeko adina 69 urtera atzeratzea" ekarriko du.
Bestalde, egungo Pentsioen Erreformaren Legea aplikatuz gero, BPGren % 3,5 "aurreztuko du" Estatuak, 2010eko 37.000 milioi adina, hots, ekitaldi horretako pentsio-gastuaren ia %40, sindikatuak zabaldu duenez. Erreforma bertan behera uztea eskatu du berriro ere ELAk, bere hitzetan, "lapurreta" delako.
Mikel Noval Gizarte Alorreko arduradunak eta Janire Landaluce Ikasketa Bulegoaren kideak Gobernu espainiarraren aurreproiektua baloratu dute eta bere esanetan, langileen pentsioetan izango duen eragin ekonomikoa "handia, oso garrantzitsua eta larria" izango da.
Sindikatuak azaldu duenez, erretiroa hartzeko adinaren atzerapena, pentsioa kalkulatzeko azken 25 urteak aintzat hartzea eta aipatutako "iraunkortasun faktorea" izango dira aurrezten gehien lagunduko duten neurriak. Honekin batera, emakumeak batez ere kaltetuko ditu erreforma honek, hauek baitira kontratu partzialak eta langabezia tasarik altuenak jasaten dituztenak.
Azkenik, CC.OO. eta UGT sindikatuak salatu ditu ELAk, murrizketa hauei "babesa erakusteagatik".