Ekonomia -

Lan-politika

Soldaten igoerak eta produktibitatea lotu nahi ditu EBk

Bestalde, Espainiak egindako pentsioen erreforma goraipatu du EBko Lan komisarioak eta gainerako herrialdeentzako "eredu" bat dela erantsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soldaten igoerak eta produktibitatea lotzearen alde agertu da Europar Batasuna. Era berean, soldatak ezartzeko garaian patronalaren eta sindikatuen papera errespetatzea eskatu dute EBko kideek.

Bestalde, Espainiak egindako pentsioen erreforma goraipatu du Laszlo Andor EBko Lan komisarioak eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeentzako "eredu" bat dela erantsi du.

Espainian lortutako akordioa "anbizio handikoa eta une egokian heldu da", adierazi du Andorrek prentsaurrekoan, Bruselan egindako Lan Batzordea amaitu ostean. Herrialde bakoitzean, pentsioen inguruan hartutako neurriak eztabaidatu dituzte bertan.

Pentsioen erreforma

Sindikatuekin eta patronalarekin adostutako erreformagatik Espainiako Gobernua zoriondu du komisarioak. Pentsioen gaian oraindik neurririk hartu ez duten EBko herrialdeentzat "eredu bat" dela azpimarratu du Andorrek.

Hala ere, "EB osoan erretiroa hartzeko adin berdina ezartzearen aurka" azaldu da Europako Batzordea, nabarmendu du Andorrek. Izan ere, Estatu kideen artean bizi-itxaropena oso ezberdina da.

Lehiakortasun itunean ezarriko diren ildoen barruan lekua izango du Espainiako erreformak, "pixkanaka egindakoa eta malgua" delako, adierazi du Mari Luz Rodriguez Lan estatu-idazkariak. Euroguneko lehiakortasuna bultzatzeko egitasmo bat abian jartzea eskatu du Alemaniak. Plana martxoaren 11n eztabaidatuko dute Estatu kideek Bruselan, ezohiko goi-bilera batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea