Ekonomia -
Gizarte Segurantza
Afiliatu kanpotarrak % 9,97 igo dira EAEn eta % 10,88 Nafarroan, 2018an
63.210 afiliatu daude EAEn, aurreko urtean baino 5.729 gehiago, eta 26.222, berriz, Nafarroan, 2.573 gehiago.
Agentziak
Gizarte Segurantzako afiliatu kanpotarrak EAEn % 9,97 igo dira 2018an, aurreko urteko datuekin alderatuta. 63.210 afiliatu daude, 5.729 gehiago.
Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak astearte honetan argitaratutako datuen arabera, Gizarte Segurantzako afiliatu kanpotarrak abenduan % 0,27 jaitsi dira EAEn, eta azaroan baino 168 lagun gutxiago izan dira.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban igo da gehien afiliatuen kopurua, % 10,45 (duela urtebete baino 1.063 gehiago); Gipuzkoa dago jarraian, % 11,25eko igoerarekin (2.286), eta Bizkaia dago gero, % 8,82rekin (2.380).
Afiliatu kanpotarretatik 40.072 erregimen orokorrean daude, 11.157 etxekoan, 10.598 autonomoak dira, 1.155 laborantza erregimenean daude eta 228 itsasokoan.
Europar Batasunetik kanpo 42.915 afiliatu etorri dira; marokoarrak (5.968), nikaraguarrak (3.458) eta kolonbiarrak (3.065) gehienbat.
Nafarroan afiliatutako kanpotarrak 26.222 dira
Nafarroan Gizarte Segurantzan izena eman duten kanpotarrak 26.222 izan dira 2018an, aurreko urtean baino 2.573 gehiago, baina azaroan baino % 0,85 gutxiago. Urte arteko hazkundea % 10,88koa izan da. Espainia osoan, afiliatu kanpotarrak 1.992.849 dira.
26.222 afiliatuetatik 21.756 sistema orokorrekoak dira, 2.865 laborantzakoak eta 2.669 etxeko zerbitzuetakoak. Gainerako 4.466 afiliatuak autonomoak dira.