Ekonomia -

Lan-gatazka

Langileek aurre-akordioa berretsita, bertan behera geratu da Bilbobuseko greba

Joan den astean, CCOO, UGT eta USO sindikatuek aurre-akordioa lortu zuten Biobide enpresarekin, eta gaur langileek ituna ontzat eman dute.

Bilbobusen autobus bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Bilbobusen autobus bat.
Bilbobusen autobus bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobuseko langileek berretsi egin dute joan den astean CCOO, UGT eta USO sindikatuek Biobide enpresarekin lortutako aurre-akordioa eta, ondorioz, bertan behera utzi dute greba mugagabea, EFE agentziak zabaldu duenez.

Zehazki, 367 beharginek babestu dute ituna, eta 201 agertu dira kontra. Bi boto zuriak izan dira, eta lau baliogabeak.

Bilbobuseko lan-gatazka azaroan hasi zen eta aste honetan greba mugagabea abiatu behar zuten.

Langileek gaur onartu dutena aipatu sindikatuek enpresarekin egindako hirugarren aurre-akordioa da. Aurretik beste bi itun egin zituzten, baina beharginek atzera bota zituzten.

CCOO sindikatuaren arabera, akordio honen bidez mugagabe bilakatuko diren langileen kopuruak gora egingo du, eta 17 izango dira guztira; 15 aurten eta bi 2020an. Horrez gain, lan-poltsaren kudeaketa Bilboko Udalaren esku egongo da.

Sindikatu horren hitzetan, beste hobekuntza batzuk ere lortu dituzte: pilatutako orduak libratzea eskatu dezaketen langileen kopurua handitzea; gidariei beren lan zentrora Bilboko auzo guztietatik bueltatu ahal izateko zerbitzua eskaintzea; eta lanegunak murriztea, kontratazio berriak bultzatuz.

ELAk, berriz, ez du aurre-akordioa babestu. Ikuspuntu ekonomikotik "nahikoa" ez dela iritzi dio, eta 130 langilek baino gehiagok aldi baterako kontratuekin jarraituko dutela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Sindikatuak CCOO UGT Bilbobus Lan gatazkak albisteak gaur Garraio publikoa gaur