Ekonomia -

22 greba egun

Gobernuak uste du akordioa lortuko dutela AENAko greba saihesteko

Jose Blancok lasaitasun mezua igorri nahi izan die herritarrei. AENAko presidentea eta ostalariak kezkatuta agertu dira, grebak "kalte handia" ekarriko lukeelako ekonomian eta turismoaren sektorean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Blanco Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die AENAko sindikatuek deitutako greba egunetan hegazkina hartu nahi duten herritarrei, "negoziazioaren bidez" langileekin akordioa lortzea espero baitu.

Kongresuan Rafael Simancas diputatu sozialistak egindako galderari egindako erantzunean, Blancok segurutzat jo du akordioa lortuko dutela zerbitzua bermatzeko.

Izan ere, bere ustez, aire-kontrolatzaileekin akordioa lortu zuten bezala, AENAko langileekin egitea ere posible izango da.

Sustapen ministroaren esanetan, aire sektorea ezinbestekoa da Espainiako ekonomiarentzat, eta horregatik abiatu dituzte erreformak, hala nola AENAren % 49 pribatizatzea eta Madrileko eta Bartzelonako aireportuen kudeaketa esleitzea.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek 22 greba egun deitu dituzte, tartean Aste Santuan, Maiatzeko Zubian eta uztaileko eta abuztuko irteera eta itzulera operazioetan, pribatizazioen aurka protesta egiteko.

AENAk "esfortzu guztiak" egingo ditu

Bere aldetik, Juan Ignacio Lema AENAko presidenteak iragarri du "esfortzu guztiak" egingo dituztela sindikatuekin negoziatzeko, greba egitea "gerta litekeen txarrena" baita Espainiako ekonomiarentzat eta turismoarentzat.

Onda Cero irrati-katean egindako adierazpenetan, Lemak azaldu du grebak "eragin handia" izango lukeela ekonomian eta turismoan, aire zirkulazioa "suspertzen" ari den honetan.

Halaber, herritarrei ere "kalte handia" egingo zaiela ohartarazi du, haiek ere "eskubidea" baitute arazo barik bidaiatzeko.

Ostalariak, kezkatuta

Turismoaren sektorea ere oso kezkatuta dago, eta gaur Hotelen eta Turismo Ostatuen Konfederazio Espainiarrak (CEHAT) akordioa lortzeko eskatu die Gobernuari eta sindikatuei, kalteak "konponezinak" izango liratekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea