Ekonomia -

Analisia

'Opor fiskalen' gatazka, urratsez urrats

350 bat enpresari eragiten die aferak, eta baliteke erakundeak Europar Batzordeari isun handia ordaintzera behartzea.

Pedro García Larragán

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2009ko irailean Europako Lehen Auzialdiko Auzitegiak ''opor fiskalak'' arauz kontrakoak zirela berretsi zuen, eta dirua foru aldundiei itzuli behar zitzaiela agindu zuen.

Enpresei ezartzen zitzaizkien zerga-salbuespenak ziren 1993ko ''opor fiskalak''; enpresek baldintza batzuk bete behar zituzten jasotzeko: gutxieneko inbertsio bat eta enplegu kopuru zehatz bat.

''Opor fiskalak'' 1993an jarri ziren abian, EAEn krisi ekonomiko handia zegoela eta. Egoera horretan, inbertsio berriak sustatzea zuten helburu, ekonomiari laguntzeko. Errioxako Gobernuak helegitea jarri zuen, neurriak diskriminatzaileak zirelakoan. Orduan, foru aldundiek, zerga subiranotasuna zutenez gero, Espainiakoak ez bezalako zergak ezartzeko gaitasuna zutela onartu zuen Europako Justiziak, baina salbuespenok "ezkutuko estatu laguntza" izan zirela ere esan zuen, eta "barkatutako dirua" kobratzera behartu zituen foru aldundiak. Ez dago enpresa horien zerrenda ofizialik, baina litekeena da 350 bat izatea; guztira, 570 milioi euro itzuli beharko lituzkete.

Zer diote foru aldundiek?

Foru aldundien hitzetan, bere garaian, Europako Batzordeari galdetu zioten ''opor fiskalen'' inguruan, eta ez zuten oztoporik jaso. Ondoren, 2000 urtean, Europar Batzordeak iritzia aldatu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiak esandakoa egiaztatzeko frogak dituela adierazi du, baina Europako Erkidegoetako Lehen Auzialdiko Auzitegiak ez zituela onartu esan du. Ildo horretan, epaiketa-eskubideak urratu izana egotzi zion Auzitegi horri.

Foru aldundien hitzetan, 1993an Europar Batzordeak ''opor fiskalak'' baimendu bazituen, 2000 urtean ezin du "barkatutakoa" berreskuratzeko eskatu; izan ere, enpresek laguntza horiek jaso zituztenean legalak ziren. Hori da ostegun honetan zuzentzen saiatuko diren "bidegabekeria".

Dena den, Europar Batzordeak, eta bertako presidenteordea Joaquin Almuniak, ez dute horrela ikusten: onurak jasotako enpresek horiek itzultzeko eskatu dute; eta euskal ogasunek laguntza horiek itzuli dituztela ez badute frogatzen Espainiari isuna jarriko diotela agin dute.

Hala ere, isuna nork ordaindu foru aldundiek eta Espainiako Gobernuak adostu beharko lukete, Kontzertu Ekonomikoaren Legea kontuan edukiz eta Ekonomia Iraunkorraren Legea alde batera utziz. Onartu berri den Ekonomia Iraunkorreko legeak ez du Estatua Europako isunen erantzukizunetik libratzen. Izan ere, legeak EAE eta Nafarroaren salbuespenak aurrikusten ditu. Luxenburgoko Auzitegiak arrazoia ematen badie, dirua itzuli beharko diete enpresei euskal haziendek. Arrazoia ez badiete ematen eta laguntza guztiak berreskuratu ez dituztela uste badu, auzitegiak isun bat ezarriko du laguntza guztiak itzuli bitartean edo Europako Batzordeak % 100 berreskuratu dituztela uste arte. Isuna administrazioentzat beste ''zulo'' bat izan daiteke krisialdian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea