Ekonomia -
Negoziazioa
Aenak eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu grebak saihesteko
Arratsaldeko bileraren ostean, Madrileko eta Bartzelonako aireportuen esleipena eztabaidatu gabe jarraitzen dutela salatu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek.
Erredakzioa
Aenak eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu CCOO, UGT eta USO sindikatuek Aste Santurako eta udarako deitu dituzten greba deialdiak bertan behera uzteko.
Sindikatuek ez dute ondorio positiborik atera gaur goizeko bileraren ostean. Sustapen Ministerioko ordezkaririk ez dela egon eta Juan Ignacio Lema Aenaren presidentea 15 minutuz soilik egon dela salatu dute.
Sindikatuek proposamenak aurkeztu dituzte goizeko bileran eta orain erabakia Ministerioari dagokiola esan dute.
Era berean, gaur goizeko bileran ez dela ezer berririk aipatu eta negoziazioan ez dela aurrerapausorik izan azpimarratu dute.
Arratsaldeko bileraEra berean, AENAk eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu arratsaldeko bileran. Horregatik greba deialdia mantentzen dute sindikatuek.
AENAk proposamen bat helarazi diela jakitera eman dute CCOO, UGT eta USO sindikatuetako ordezkariek, eta proposamena aztertuko dutela erantsi dute. Hala ere, gai garrantzitsu bat eztabaidatu gabe jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek: Madrileko eta Bartzelonako aireportuen esleipena.
Greba oso serioa dela ziurtatu du Jose Manuel Lorenzo CCOOko ordezkariak eta, ondorioz, ez da deialdia bertan behera utziko akordio bat lortu arte.