Ekonomia -

Espainiako Bankuaren arabera

Kutxek eta bankuek 15.150 milioitik gorako kapitala behar dute

Bestalde, Gobernuak ezarritako kapitalaren baldintzak betetzen dituzte BBK, Kutxa, Vital eta Euskadiko Kutxa aurrezki-kutxek eta BBVA eta el Banco Guipuzcoano banketxeek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako finantza sistemako 12 aurrezki kutxen eta bankuen kapital beharrizana aztertu du Espainiako Bankuak, eta Gobernuaren kaudimen baldintza berriak betetzeko 15.152 milioi euroko kapitala behar dutela iragarri du.

Espainiako Bankuak argitaratutako informazioaren arabera, zortzi aurrezki kutxek edo bankuk 14.077 milioi lortu beharko dituzte urriak baino lehen Estatuak bere kapitalean sartzea saihesteko.

Entitateek urriak arte dute beraien kapitala % 8raino igotzeko, hori baita Gobernuak entitate kotizatuei eskatzen diena.

Bankinter eta Bankpyme espainarrek, eta Barclays Bank eta Deutche Bank atzerriko bi entitateek 1.075 milioi euro behar dituzte eskakizun berriei aurre egiteko, iturri berdinen arabera.

Dena den, baliteke behar horiek murriztea entitateek inbertsore pribatuak lortzen badituzte, besteak beste, burtsan parte hartuz, zenbati taldek iragarri duten bezala.

Euskal entitateek baldintzak betetzen dituzte

Gobernuak ezarritako kapitalaren baldintzak betetzen dituzte BBK, Kutxa, Vital eta Euskadiko Kutxa aurrezki-kutxek eta BBVA eta el Banco Guipuzcoano banketxeek, Espainiako Bankuak jakitera eman duenez.

Ondorioz, zerrendan ez dago euskal finantza-entitaterik. Ekonomiaren muturreko krisi bati aurre egiteko gutxieneko baldintzak uztailean gainditu zituzten euskal entitateek dagoeneko. 91 entitateri egindako erresistentzia probak gainditu zituzten guztiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea