Ekonomia -
EAEn
100 tona antxoa 'bikain' deskargatu dituzte portuetan
Kiloak 1,5 eta 3 euro arteko salneurria izan du lonjan. Ez da ohikoa antxoa horren goiz harrapatzea, eta ezin da antxoa sasoia hasitzat eman.
Erredakzioa
Getariako eta Hondarribiko portuek Gipuzkoan eta Ondarroako portuak Bizkaian aurtengo lehen antxoak deskargatu dituzte gaur. Kalitate bikaineko arrainen 100 tona inguru heldu dira eta 1,5 eta 3 euro ordaindu dituzte lonjan, kiloko.
Leandro Azkue Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko zuzendariak EFE albiste agentziari esan dionaren arabera, ez da ohikoa garaiotan harrapaketa egin ahal izatea eta sasoia ezin da inauguratutzat eman, hurrengo astean jarraitzen ote duen ikusi arte. Orduan irekiko litzateke kanpaina, ekainaren 30a arte.
"Ez da ohikoa, arrantza debekatu aurretik ere, apirilaren hasiera edo erdialdea baino lehen antxoa erregulartasunez sartzen hastea", azaldu du Azkuek. Gaurko deskargak "denok harrapatu ditu ezustean", gaineratu du.
Horri egotzi dio Azkuek enkantean izandako salneurri "baxua". Lehen orduetan 3 euroan ordaindu da kiloa, baina, goiza aurrera joan ahala, nabarmen jaitsi eta 1,5 eurora iritsi da.
Salneurriak ikusitakoan arrantzaleek erakutsitako "haserrea eta ezintasuna" azpimarratu ditu Azkuek; are gehiago, "lehenengo antxoak izanda eta kantitate txikietan heldu eta gero".
Kontserba enpresek eskaintza handiagoa egin ez dutelako ordaindu dira prezio horiek, Gipuzkoako arrantzaleen ordezkariaren ustez; arraina "ezustean eta ohi baino lehenago heldu delako".
Horrela, salmentak arrain freskoaren merkatura mugatu dira, eta, Gipuzkoak arrantzaleen ordezkariak zehaztu duenez, ostirala "egun txarra da" merkatu horrentzat.
Kalitateari dagokionez, gaur deskargatu duten antxoa kontserbarako eta fresko jateko "bikaina" dela gaineratu du Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko zuzendariak. Batez beste, tamaina "oso ona" du: kilo bakoitzean 32-35 ale daude.