Ekonomia -

Erretiro partziala plana

Jaurlaritzak lan-kontratudun langile finkoentzako erretiro partziala onetsi du

Akordio horri esker, 700 pertsonak aurretiazko erretiroa hartu ahalko dute eta beste 700 euskal administrazio publikoan txanda-kontratuekin sartuko dira.

700 pertsona kontratatuko dituzte. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Eusko Jaurlaritzaren egoitza, Gasteizen.
700 pertsona kontratatuko dituzte. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak sindikatuekin adostutako 2020ra bitarteko "Euskal Autonomia Erkidegoko lan-kontratudun langile finkoentzako erretiro partzialaren plana" onetsi du astearte honetan. Planak 2019. urte honetan sortzen diren erretiro partzial berri guztiak txanda-kontratu berriekin lotzen ditu eta 700 pertsona baino gehiagorengan du eragina.

Akordioa Administrazio Publikoaren Mahai Orokorrean itundu zuen Jaurlaritzak joan den azaroan UGT eta CC.OO. sindikatuekin; ELA eta LAB sindikatuek, aldiz, ez zuten onartu akordioa.

Erretiro mota hori borondatezkoa izango da, eta Osasun Saileko 465 pertsonari eta Hezkuntza Saileko irakasle diren eta irakasle ez diren lan-kontratudun 130 pertsonari eragingo die.

Bestalde, administrazio orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lan-kontratudun 55 langileri, Segurtasun Saileko lan-kontratudun 45 pertsonari eta Justizia Saileko lan-kontratudun 5 pertsonari eragingo die.

Akordioak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ditu ondorioak, 2020ko abenduaren 31ra arte.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "oso positiboki" baloratu du akordioa, "gutxienez bi urtez kalitateko lanpostuetan 700 pertsona baino gehiago kontratatzea ekarriko baitu". Gainera, akordio horren bidez, Gobernuak langile publikoen borondatezko erretiro partzialetarako bide ematen du, bai eta pertsona berriek prestakuntza jasotzeko eta pertsonala gaztetzeko aukera ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT