Ekonomia -

Langileen soldatak

Itunpeko patronalei norbanako erreklamazioak aurkeztuko dizkie ELAk

Helburua, "inposaturiko murrizketak atzera botatzea" eta langileei soldatatik kendutako % 5a bueltatzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itunpeko irakaskuntzako patronal ezberdinei norbanako salaketak aurkeztuko dizkie ELA sindikatuak, "inposaturiko murrizketak atzera bota" ditzaten eta langileei soldatatik kendutako % 5a bueltatzeko helburuarekin.

Sindikatuak gaur azaldu duenez, "soldata eta lan-baldintzek" ez dute "zerikusirik" krisiarekin. Horregatik, patronalei soldatak "bere osotasunean ordaintzeko" exijitu die ELAk, eta Eusko Jaurlaritzari "itunpeko irakaskuntzan inposaturiko murrizketak atzera bota ditzala" eskatu dio.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak langileei eta sindikatuari "arrazoia" ematen diela azpimarratu du ELAk. "Soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko patronalek harturiko erabakia legearen aurkakotzat jotzen du", sindikatuaren ustez.

"Nahiz eta gatazka honen hasieran patronalek adierazi epaitegiek arrazoia kentzen bazien murrizturiko soldatak langileei bueltatuko lizkiguketela, badirudi orain iritziz aldatu dutela", salatu du ELAk.

Gogoratu dutenez, Kristau Eskolak (EAEko patronal garrantzitsuena) esan du epaia betez gero "zentroak bere orokortasunean bideraezinak" bihurtuko direla. Kritika horiek salatu egin ditu ELAk eta langileak defendatzeko "azkenera arte" borrokatuko dutela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea