Ekonomia -
Langabeziari aurre egiteko
+Euskadi planaren bidez lana lortu zutenen % 26 lanean daude oraindik
Lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenentzat izan ziren kontratu gehienak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren +Euskadi planari esker lana aurkitu zutenen % 26k lortu zuten programa bukatutakoan beste kontratu bat egitea.
Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Gloria Mugica Berrikuntza Soziolaboraleko zuzendariak eman dituzte datu hauek gaur. Legebiltzarreko batzordean programa honen gaineko ondorioak aurkezteko agertu dira, EAk eskatuta.
Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak eman ditu kontratu horien truke: batez beste, 1.884 euro jarri ditu hilabete eta kontratu bakoitzeko, soldata eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeko. Programa horretan 61,6 milioi euro gastatu ditu Jaurlaritzak guztira. Kontratuak egitea errazteko programa langabezia prestazioa jasotzen ez zutenei, gizarte esklusioa pairatzeko arriskuan zeudenei eta lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak zituztenei bideratuta egon da, eta babestutakoen % 30 Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta hartzen egon behar ziren.