Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTak 13 hiritan sortutako 7.600 milioiko gainkostua azalduko du Kontuen Auzitegiak
Gasteizeko geltokia 139 milioi garestiago aterako da. Valentziako eta Bartzelonako proiektuek sortu dute 'zulo' handiena: 2.100 eta 1.800 milioi euro, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Jose de la Fuente Kontuen Auzitegiko presidenteak agerraldia du gaur Kongresuko Batzorde Mistoan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuek Estatuko 13 hiritan sortu duten gainkostuari buruz azalpenak emateko.
2016ko abenduaren 31ko data duen txostena aurkeztuko du De la Fuentek. Agirian tren lasterra 13 hiritan sartzeko trenbidean egin beharreko moldaketak eta lur azpian sartzeko proiektuak aztertu dituzte. Proiektu gehienak duela 20 urte abiatu ziren, eta oraindik bat bera ere ez dago amaituta.
Guztira, 11.740 milioi euro beharko dira proiektuak bururatzeko, hasiera batean aurreikusitako dirutza (4.101 milioi) halako hiru (betiere 2016ko datuak kontuan hartuta).
Honakoak dira aztertutako hirien proiektuak: Alacant, Almeria, Bartzelona, Cartagena, Gijon, Leon, Logroño, Murtzia, Palentzia, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza.
Kostua handitzeaz gain, lanak ordaintzeko behar ziren diru-sarrerek behera egin dute. Hala, finantzazioan 2.049 milioi euroko 'zuloa' dago, horren erdia Valentziako proiektuak eraginda.
Hain justu, Valentziako proiektua da gehien garestitu dena (2.161 milioi). Ondoren datoz Bartzelonakoa (1.832 milioi), Valladolidekoa (861 milioi), Alacantekoa (744 milioi), Zaragozakoa (722 milioi) eta Murtziakoa (404 milioi). Gainkostu txikiena duten proiektuak honakoak dira: Gijon (271 milioi), Logroño (233 milioi), Gasteiz (139 milioi), Palentzia (103 milioi), Cartagena (93 milioi) eta Almeria (74 milioi).
Likidazioak, moldaketak eta atzerapenak
13 hiriotako proiektuak burutzeko sozietateak sortu zituzten Sustapen Ministerioak, Adifek, Renfek, zegozkien erkidegoek eta udalek.
Krisiak sortutako finantziazio arazoak tarteko, proiektu bat likidatu da (Leon), beste batean aldaketak egin dira (Zaragoza) eta hitzarmen berriak egin dira hiru kasutan (Valladolid, Gijon eta Alacant).
Beste lautan, tartean Gasteizen, atzerapenak sortu dira eta hirutan aukera bideragarriagoak aztertzen ari dira (Logroño, Murtzia eta Valentzia).