Ekonomia -

Karabana

Ertzaintzako sindikatuek deituta, Bilboko sarbideak blokeatu dituzte

ErNE, ESAN, SiPE eta EUSPEL sindikatuek karabanak antolatu dituzte Herrizaingo Sailari presioa egiteko, langileen "araudia adosteko negoziazio mahaian serioski eseri dadin".

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren ErNE, ESAN, SiPE eta EUSPEL sindikatuek Herrizaingo Sailari presioa egiteko asmoz antolatu dituzten karabanek Bilboko sarbideak blokeatu dituzte. Sabino Aranatik hasi eta Santurtziraino iritsi dira auto-ilarak, 10 kilometro ingurukoak.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, auto-ilarek 07:30etatik 09:30ak arte iraun dute. Karabanak Leioa, Sestao eta Basauritik abiatu dira eta Bilboraino joan dira. Ibilgailuak Sabino Aranatik sartu dira Moyua Plazaraino.

Herrizaingo Sailari presioa egite aldera antolatu dute protesta-ekitaldia, langileen "araudia adosteko negoziazio mahaian serioski eseri dadin".

Sindikatuen esanetan, "martxoaren 15ean Bilbon egindako manifestazio arrakastatsuaren ondoren", ez da "presioa gelditu behar" Rodolfo Ares buru duen Sailak "inposizioak, aginduak eta ebazpenak utzi arte, gogoeta egin arte eta serioski negoziatzeko prest agertzen den arte".

Herrizaingo Sailak proposamenak, "gehiengoaren eskakizunak direnak", aztertu arte "mobilizazio egutegiari" eutsiko diotela iragarri dute sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea