Ekonomia -

Etxebizitza

Hipoteka kentzeko etxea itzultzea aski izateko ekimena, Kongresuan

Zortzi erakunde kataluniarrek bultzatutako herri-ekimen legegileak legea aldatzea du helburu, hipoteka ordaintzeko gai ez den familia batek etxea itzulita zorra kitatu ahal izateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza itzultzea hipotekaren zorra kitatzeko nahikoa izateko Kataluniako zortzi erakundek sustatutako herri-ekimen legegilea Diputatuen Kongresura iritsiko da gaur.

Josep Maria Alvarez eta Joan Carles Gallego Kataluniako UGTren eta CCOOren idazkari nagusiek eramango dute ekimena Kongresura.

Legea aldatu nahi dute bere garaian "borondate onarekin" banketxearekin hipoteka bat sinatu zutenek orain krisiaren ondorioz ordaindu ezinik geratu badira etxebizitza itzulita zorra kitatzeko aukera izan dezaten.

Proposamenaren arabera, interesak eta bestelako kostuak ere ordainduta geratuko lirateke etxea bueltatuta.

Egungo araudiak agintzen duenez, banketxeak etxebizitzaren tasazio balioaren erdia soilik ordaintzen du eta familiak ordaintzeke geratzen den zorraren zatia ordaindu behar du, interesak eta prozesu judizialaren kostuak barne.

Araudi horrekin, familiek etxebizitza galtzeaz gain, zorpetuta jarraitzen dute, herri-ekimenaren bultzatzaileen esanetan.

Herri-ekimen legegilea sustatzen eta 500.000 sinadura jasotzeko lanetan aritu diren erakundeak honakoak izan dira: Banketxe, Kutxa eta Aseguru-etxe Erabiltzaileen Elkartea, CCOO, CONFAVC, DESC Behatokia, Hipotekak Kaltetuen Plataforma, Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Mahaia, Kataluniako Kontsumitzaileen Batasuna eta UGT.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea