Ekonomia -
Elkarretaratzea
Pentsiodunek ez dute Artolazabalekin egingo duten bileran 'argazkia' bilatuko
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak esan duenez, Eusko Jaurlaritzari konpromisoak eskatuko dizkiote. Gabriel Rufian eta Oskar Matute ere elkarretaratzean izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio ez direla Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburuarekin egingo duten bilerara "argazkia ateratzera" joango, baizik eta "konpromisoak eskatzera".
Bilboko Udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute, astelehenero bezala, "pentsio duinak" eskatzeko. Pentsioak defendatzearen aldeko oihuen artean, bertaratutakoek Octavio Granado Espainiako Gizarte Segurantzarako idazkariaren dimisioa eskatu dute.
Esan dutenez, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako plataformetako ordezkariek bilera egingo dute Gasteizen Artolazabalekin. Martxoaren 26an izango da bilera, asteartearekin. "Ez gara joango argazkia ateratzera, baizik eta gure aldarrikapenak esatera eta konpromisoak eskatzera", ohartarazi dute.
Testuinguru horretan, alderdi politikoak pentsiodunen "beldur" direla azpimarratu du Jon Fano bozeramaileak, "hauteskunde garaian gaudelako".
Horregatik, astelehenero elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela esan du, eta apirilaren 13an egingo dituzten manifestazioak "zaplazteko izugarria" izango da gobernuentzat.
Bestalde, Magdalena Valerio Enplegu ministroak Espainiako Gizarte Segurantzarako idazkariari "kargu hartzea" ez zaie "nahikoa" iruditzen. Alarguntza pentsioak errenta mailaren araberakoak izatearen alde egin zuen idazkaria, eta horregatik kargutik "berehala" kentzea eskatu dute pentsiodunek.
Asteleheneroko elkarretaratzean joan direnen ehunka herritarren artean izan dira Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramailea eta Oskar Matute EH Bilduko diputatua.
Gabriel Rufian, elkarretaratzean. Argazkia: EFE.