Ekonomia -

Aurrezki-kutxen bat-egitea

Negoziaketa 'zaila' izango dela esan du Carlos Zapaterok (Vital)

Prozesua pauso "historiko eta garrantzitsua" eta "aukeren artean biderik onena" dela azpimarratu du Vital Kutxako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal aurrezki-kutxen integrazio prozesuan "hiru aldeko" negoziaketa "zaila" izango dela aurrikusi du Carlos Zapatero Vital Kutxako presidenteak, baina operazioak helburua lortuko duela uste du eta Arabako kutxan lanpostuen murrizketarik izango ez dela aurreratu du.

Zapaterok agerraldia egin du gaur, Joseba Barrrena entitateko zuzendari nagusiarekin batera, Vital Kutxaren Ohiko Batzar Nagusia egin baino lehen. 2010eko ekitaldian izandako emaitzak onartu behar dituzte Batzarrean, baita aurtengo ekintza ildoak ere. Era berean, integrazio akordioaren nondik norakoak azaldu beharko dizkiete Batzarreko kideei.

Prozesua pauso "historiko eta garrantzitsua" eta "aukeren artean biderik onena" dela nabarmendu du Zapaterok, baina negoziaketa "zaila" izango dela onartu du. Hala ere, "adostasunera heltzeko borondate handia" dagoela erantsi du, irizpide ekonomiko eta profesionaletatik abiatuta eta "beti ere" bezeroak begiz jota edukiz.

"Zailtasunen gainetik egitasmo ekonomiko eta sozial handi hau aurrera aterako dugula ziur nago", errepikatu du. Langileei lasaitasun mezu bat helarazi die Vital Kutxako presidenteak. Horrela, "prozesu guztian langileen eskubideak errespetatuko" dituztela azaldu du Zapaterok.

Zentzu horretan, Vital Kutxako pertsonala "neurrikoa" dela argitu du agintariak eta integrazioak eraginik izango ez duela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea