Ekonomia -

araba

Auto elektrikoa sei minutuan birkargatu daiteke jada Lopidako zerbitzugune batean

Zortzi euro ordainduta, 150-200 kilometroko autonomia eskuratuko dute ibilgailuek Frantziatik 130 kilometrora eta Madriletik 330era dagoen gune batean.

Tapia eta Imaz, inaugurazioan. Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia eta Josu Jon Imaz, birkarga gunearen inaugurazioan.
Tapia eta Imaz, inaugurazioan. Argazkia: Irekia

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera ibilgailu elektrikoak ultrarin birkargatzeko gune bat dago Lopidako (Araba) gasolindegi batean. Zortzi euroren truke, sei minutuan 150-200 kilometroko autonomia eskuratuko dute ibilgailuek.

Lopidakoa karga azkarreko lehen postua da Espainiako Estatuan, eta Europako hegoaldean zabaltzen duten lehenetarikoa. Guneak 700 kilowatteko gehienezko potentzia du, lau zutoinetan banatu ahal dena, ibilgailuen bateria ahalmenaren arabera. Hortaz, aldi berean bi auto edo lau kargatzeko aukera ematen du, hurrenez hurren, 350 eta 175 kilowattekin.

Gaur goizean inauguratu dute gunea. Ibil izeneko enpresak (Repsol eta EVE Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutakoa) milioi erdi euro inbertitu du. Lopidako zerbitzugune horrek duen kokalekuarengatik aukeratu dute. Izan ere, leku estrategikoan dago: Frantziatik 130 kilometrora eta Madriletik 330era. Hala, birkarga bakarrarekin egin daiteke bi estatuen arteko ibilbidea.

Europako proiektu bati esker jarri dute Lopidako gune hori. Guztira, mota horretako 14 kargagune jarriko dituzte Europan; lau, Espainiako Estatuan. Gainerakoak A-1ean (Madril-Irun) eta A2-an (Madril-La Junquera) paratuko dituzte, tartean bat Ugaldebietan (Bizkaia).

Kargagune horiek edozein auto elektriko hornitzeko aukera ematen dute, Combo CCS (350 kilowatteraino) eta CHadeMo (gehienez 100 kilowatt) motako konektoreak baitituzte.

Tapia, adierazpenak egiten. Argazkia: Irekia

Tapia sailburua inaugurazioan.

Tapiak trantsizio 'ordenatu eta errealista" baten alde egin du

Lopidako birkarga gunearen inaugurazioan honakoak izan dira, besteak beste: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburua, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua, Emiliano Lopez Achurra Petronorreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.

Tapiak gune horren inaugurazioaren garrantzia azpimarratu eta ohartarazi du mugikortasun elektrikorako trantsizioak "antolatua eta errealista" behar duela izan, trantsizioak antolatua eta errealista izan behar duela jabetuta. "Argi utzi nahi dut aipatzen ari naizen errealismoa ez dela aitzakiatzat hartu behar erlaxatzeko eta eraldaketa honi behar duen abiadura ez emateko", gaineratu du.

Sailburuaren esanetan, "planifikazioa ezin da dekretu bidez edo erregai jakin batzuen kontra eginez burutu. Gaur egun gauzak ezin dira modu bakar batean egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Petronor Repsol Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Automobilgintzari buruzko albisteak