Ekonomia -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Azpiazu: 'Agertoki ekonomikoan hodeiak daude, baina ez dakigu ekaitza ekarriko duten'

Mundu mailan dagoen ziurgabetasuna gorabehera, Euskadin ekonomiak % 2,2ko hazkundea izango duela esan du Azpiazuk. Dirudienez, industriak indarra galduko du, baina eraikuntza hazi egingo da.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: Radio Euskadi
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: Radio Euskadi

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da asteazken honetan. Bertan esan du Euskadin ekonomiak % 2,2ko hazkundea izango duela, mundu mailan dagoen ziurgabetasuna gorabehera.

"Hodeiak daude, baina ez dakigu ekaitza ekarriko duten". Modu horretan deskribatu du Azpiazuk egungo agertoki ekonomikoa. Euskadin horrek izango duen eragina, baina, "txikiagoa izango da, ekonomia indartsua dugulako".

Esan bezala, 2019rako barne produktu gordina % 2,2 haztea aurreikusi du. Enpleguak, berriz, % 1,5 egingo du gora. Horixe da, behinik behin, Ekonomia Sailak egindako aurreikuspena.

Halaber, Azpiazu pozik agertu da langabezia tasa % 10etik behera dagoelako. "Diru-bilketa ona badago, jasotako etekinak politika publikoetara bideratu ahal izango ditugu", adierazi du. Bestalde, onartu du euskal ekonomian, denborarekin, sektoreen pisua aldatzen ari dela: "Industriak indarra galdu du, eta eraikuntzan hazkundea da nagusi".

Radio Euskadin esandakoaren arabera, Ekonomia Saila lanean ari da gizarte politiken alorrean genero ikuspegia sustatzeko. Horretarako, Islandiako Gobernuaren esperientzia gertutik ezagutu dute. Ildo horretan, Azpiazuk "bizkor ibiltzeko" eskatu die sektore pribatuko enpresei, administrazio publikoarekin hitzarmenak lortu ahal izateko. "Generoaren araberako soldata ezberdintasunak kontuan hartuko ditugu", azaldu du.

Aste honetan bertan jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak 16 astera luzatuko duela aitatasun baimena, udazkenetik aurrera. Horrek 40 milioi euroko gastua ekarriko dio Jaurlaritzari.

Bukatzeko, Azpiazuk ez du itunpeko ikastetxean sindikatuek eta patronalak duten lan gatazkari buruzko iritzirik eman nahi izan. Haien arteko harremanak aztertzea beharrezkotzat jo du, ordea. "Erantzukizuna patronalarena eta sindikatuena da", gaineratu du. Lan gatazkak dauden arren, Azpiazuk uste du enpresarien iritziz "bake soziala" duela urte batzuk baino askoz handiagoa dela.

Informazio hau Radio Euskadin landu eta eitb.eus-ek euskaratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa