Ekonomia -
Langabezia Euskadin
Jaurlaritzak lanpostu-kopurua "neurrian" haziko dela onartu du
Exekutiboak 2011n 5.000 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen arren, urteko berrikusketaren ostean, 1.000 aurreikusi dituzte. Sailburuak halere, euskal ekonomian "zantzu positiboak" daudela dio.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, Karlos Agirrek, onartu du 2011n lanpostu-kopurua "neurrian" haziko dela. Hasiera batean aurreikusi zuten, lana urteko lehen hiruhilekoan hasiko zela sortzen, baina sailburuaren ustez "badirudi ez dela urte amaierara arte gertatuko hori".
Era berean, Jaurlaritzak 2011n 5.000 lanpostu sortzea aurreikusten zuen arren, orain egin duten berrikusketan 1.000 inguru izango direla uste dute.
Edozein kasutan, Agirrek nabarmendu du euskal ekonomian "zantzu positiboak" daudela; horren adibide dira, esaterako, industria ekoizpena haztea edota Gizarte Segurantzako afiliatu kopurua igotzea.
Enpleguaren Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, otsailarekin alderatuta 6.095 langabetu gehiago daude, nahiz eta Gizarte Segurantzaren afiliazioetan 1.658 lagun gehiago dauden. Honen harira, Sailburuak gogorarazi du lehengo astean erregistrotik kanpo zeuden 7.500 langabetu azaleratu zirela Lanbidera politika aktiboen aldaketak egiteko lanetan zebiltzala.
7.500 langabetu horiei martxoan zenbatu diren 6.095ak kenduta, emaitza, Gizarte Segurantzako kotizazioen antzekoa dela azpimarratu du Karlos Agirrek. Bere ustez, badirudi "ziurrenik lan pixka bat sortzea lortu dela".
Eusko Jaurlaritzako ekonomia-arduradunak gaur jakitera eman diren Industriaren Ekoizpen Indizearen datuak ere baloratu ditu. "2007ko ekainetik egon diren positiboenak" direla esan du eta horrek industria "ondo doala" egiaztatzen omen du.