Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Europar Batasunari laguntza eskatzea erabaki du Portugalek
Erabaki hori hartzea azken unera saihesten saiatu dela gogorarazi du Jose Socrates lehen ministroak, baina finantza-krisiak okerrera egin du eta "herrialdeko ekonomia mehatxatzen ari da".
Erredakzioa
Europar Batasunari finantza-laguntza eskatzea erabaki du Portugalek, Jose Socrates jarduneko lehen ministro sozialistak gaur iragarri duenez.
Erabaki hori hartzea azken unera saihesten saiatu dela gogorarazi du jarduneko lehen ministroak, baina finantza-krisiak okerrera egin du eta "herrialdeko ekonomia mehatxatzen ari da".
Oposizioak Gobernuaren laugarren herstura-plana atzera bota zuela gogorarazi du Socratesek, ondorioz, Exekutiboak dimisioa aurkeztu behar izan zuen martxoaren 23an eta herrialdea "aurrekaririk gabeko" ahultasunean geratu da.
"Beharrezkoa"
Bestalde, Europako finantzaketa "beharrezkoa" dela onartu du gaur Fernando Texeira dos Santos Portugalgo Ekonomia ministroak. Horrela, Portugalgo Gobernuak jarrera aldatu du, izan ere, orain arte Bruselari laguntza eskatzearen aurka agertu da.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenean, Europako mekanismoak erabiltzeko Portugalgo indar politiko nagusiek ekimena babestu beharko dutela ohartarazi du ministroak.
Era berean, finantza-erreskate bat eskatzeko aukera aipatu du gaur Jorge Lacao Parlamentu Gaietako ministroak Asanbladan. Interes nazionala defendatzeko Exekutiboak "abertzaletasunez ekingo" duela esan du Lacaok.
"Egoera zaila saihestu ahal izan" zela adierazi du Texeira ministroak, baina erabakia hartu beharra zegoela onartu du.
Finantza-merkatuak
Hala ere, "arduragabe jokatuta finantza-merkatuek Portugal egoera oso zailera bultzatu" zutela gogorarazi du ministroak. Era berean, Europako fondoak eskatzeko "indar politiko nagusien eta erakundeen konpromisoa eta parte-hartzea beharrezkoa" izango dela esan du Texeirak.
Parlamentuak laugarren herstura-egitasmoa atzera bota eta gero, martxoaren 23an Gobernuak aurkeztu zuen eta hauteskundeak ekainaren 5erako deitu zituzten. Bien bitartean, zorraren interes-tasek gora egin eta Portugal zigortu dute. Gainera, Estatua ia kaudimenik gabe geratu da.
Hala ere, Texeira dos Santosek eta Gobernuko beste kide batzuek kanpoko laguntza eskatzea baztertu dute orain arte, jarduneko agintariak direlako eta oposizioaren trabek finantza-egoera larriagotu dutela iritzita.
Europako Batzordea
Portugalen eskaera "ahalik eta azkarren" tramitatuko du Europako Batzordeak, "aplika daitezkeen arauei jarraituz", Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidenteak jakitera eman duenez. Portugalek "zailtasunak gainditzeko" gaitasuna duela ziurtatu du Barrosok.