Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Portugalek gaur egingo du laguntzaren eskaera ofiziala
Portugalgo hedabideen arabera, laguntza 75.000 eta 90.000 milioi euro artekoa izango da. Lehen entrega maiatzean egingo da, ekainaren 5ean legebiltzarrerako hauteskundeak egin aurretik.
Erredakzioa
Pedro Silva Pereira Presidentzia ministroak aurreratu duenez, Portugalgo Gobernuak gaur bideratuko du ofizialki Europar Batasunari egin behar dion laguntza eskaera, eta ondoren, Europako erakundeekin "elkarrizketa-prozesua" hasiko dute laguntzaren nondik norakoak zehazteko.
Ministro Kontseiluaren ostean eskaini duen prentsaurrekoan, Silva Pereirak ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan ez negoziazioen nondik norakoei buruz, ez Portugalek EBri eskatuko dion diru-kopuruari buruz. Horren hitzetan, baina, Europako Batzordea “prest” dago "prozesua azkar bideratzeko" eta "Europako Batzordearen eta Europako Banku Zentralaren ordezkariak lehenbailehen bidaltzeko Portugalera”.
Portugalgo hedabideen arabera, 75.000 eta 90.000 milioi euro arteko diru-laguntza beharko da. Kopurua gaur bertan hasiko dira negoziatzen Budapesten, Europako Finantza ministroen bilera informalean.
Público egunkariak kaleratu duenez, Europako Batzordeak 75.000 milioi euroko diru-laguntza aurreikusi du, baina beharbada “are gehiago” beharko dela iragarri du, kopuru zehatzik eman gabe.
Diario Económico egunkariaren esanetan, Portugalgo Gobernua (oposizioko alderdi nagusiaren laguntzarekin) 90.000 milioi eurorainoko kopurua negoziatzeko prest dago.
Egunkari horren arabera, laguntzaren lehen zatia maiatzaren hasieran helduko da, ekainaren 5eko hauteskundeak egin baino lehen, eta 22 eta 25 mila milioi euro artekoa izango da.