Ekonomia -

Aurrezki-kutxen integrazioa

Bat-egitea bultzatzeko unea heldu dela uste du Iturbek (Kutxa)

Entitatearen batzar nagusian egin ditu adierazpenak Kutxako presidenteak. Iturberen ahotan, "euskal aurrezki-kutxen integrazioaren alde pauso bat emateko unea iritsi da" orain.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herri bezala egitasmo bat aurrera atera nahi baldin badugu, euskal aurrezki-kutxen integrazioaren alde pauso bat emateko unea heldu da", adierazi du Xabier Iturbe Kutxako presidenteak. "Bilbao Bizkaia Kutxarekin eta Vital Kutxarekin batera, Euskadiko entitate handia osatzeko egitasmoari forma emateko unea iritsi da", gaineratu du.

Kutxak ohar baten bidez jakitera eman duenez, adierazpenak entitatearen batzar nagusian egin ditu Iturbek arratsaldean. Era berean, 2010 ekitaldiko kontuak aurkeztu ditu presidenteak.

Hitzaldian, euskal kutxen "presidenteek adostutako markoa" azaldu du Iturbek. "Negoziatzen hasteko" uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren "eredua" adostu dutela jakinarazi du.

"Kutxen oinarria babestu"

"Aurrezki-kutxen oinarria babesteko eta gordetzeko aukerarik onena" dela azaldu du Iturbek, "banketxeen lizentziaren tresna erabilita".

"Azken asteetan erabaki hau hartzera eraman gaituzten arrazoiak azaltzeko komunikazio esfortzua egiten ari naiz. Beste bi aurrezki-kutxetako presidenteekin batera, laster egitasmo bat aurkeztea espero dugu, hura eztabaidatzeko. Proposamena batzar honek onartzea espero dugu", azpimarratu du Iturbek.

Aldeek "% 100ean" nahi duten egitasmoa ez dela izango azaldu du Kutxako presidenteak, baina aurrezki-kutxen "oinarriak" mantentzeko "posible den bakarra" izango da, izaera, ekintza soziala eta lurraldearekiko lotura mantentzeko, alegia. Era berean, proposamena "talde politikoentzako eta erakundeentzako onargarria" izatea espero du Iturbek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea