Ekonomia -

Finantza akordioa

50 milioiko balioa duten bonu jasangarriak jaulkitzeko akordioa itxi du Nafarroak

'Finantzaketa Jasangarrien Esparrua' landu du Gobernuak, eta horren bidez arautuko ditu aipatu bonuekin finantzatu beharreko proiektuak.

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Politikako kontseilaria. EFEren artxiboko irudia
Bonu jasangarriak jaulkitzeko akordioa itxi du Nafarroak
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Politikako kontseilaria. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak iragarri du Foru Erkidegoak 50 milioi euroko balioa duten bonu berde eta sozialak jaulkitzeko akordioa itxi duela.

Horrekin lotuta adierazi du 'Finantzaketa Jasangarrien Esparrua' landu duela Gobernuak, eta horren bidez arautuko dituela aipatu bonuekin finantzatu beharreko proiektuak.

Horixe da, hain zuzen, ostiral honetan emandako prentsaurrekoan esan duena. "Egitasmo ona da akordioa ixterakoan adostutako baldintzengatik, baina, batik bat, Nafarroa Europan kokatzen duelako, zor jasangarria jaulkitzen duten eskualdeen artean sartu baita", azaldu du.

Aranbururen esanetan, finantziazio jasangarriaren merkatuan sartu da estreinakoz Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Madrilek egin zuten bezala.

Bestalde, azpimarratu du operazioa "sozialki arduratsuak diren inbertitzaile europarrei zuzenduta" dagoela. "Finantza politika jasangarritasunarekin lerrokatzea eta zorraren kudeaketan gardentasuna sustatzea lortu nahi dugu", nabarmendu du Aranburuk.

Operazioak 50 milioi euroko balioa du, eta apirilaren 30ean burutuko da. Horretarako, Alemaniako inbertitzaile batekin itxi dute akordioa, % 2,1eko interes-tasarekin eta 25 urteko epean.

Kazetariek egindako galderei erantzunez, Aranburuk argitu du proiektu honek zerikusi gutxi duela ohiko zor jaulkipenekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua