Ekonomia -
DROGAREN AURKAKO OPERAZIOA
28 kilo kokaina atzeman dituzte Bilboko aireportuan eta portuan
Astebetean, Brasildik Bizkaian 10 kilo kokaina sartu nahi zituzten hiru pertsona atxilotu dituzte Bilboko aireportuan.
EITB.EUS
Urtea hasi zenetik Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentzia 28 kilo kokaina atzeman ditu Bilboko aireportuan eta portuan, Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez. Operazio horien harira, Brasildik Bizkaian 10 kilo kokaina sartu nahi zituzten hiru pertsona atxilotu dituzte astebeteko epean Bilboko aireportuan.
Iragan urtarrilean, 18 kilo kokaina konfiskatu zituzten Bilboko portuan, edukiontzien baitan. Trafikatzaileek legezko kargaren artean ezkutatzen zuten droga. Materiala azken helmugara iritsi aurretik, ordea, droga atera egiten zuten.
Kasu honetan, Perutik zetozen hainbat piper karga ikertu zituzten. Hasiera batean 4 kokaina tableta atzeman zituzten eta, geroago, bigarren edukiontzi batean beste 14. Guztira, 18 kilo kokaina.
Bilboko aireportuari dagokionez, maleta barruan droga zeramatzaten hiru bidaiari identifikatu zituzten martxoan eta apirilean.
Martxoa erdialdean, fondo bikoitza zuen maleta batean 2,6 kilo kokaina aurkitu zuten. Ondoren, maletaren jabea, jatorri brasildarra duen gizon bat atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten.
Apirilaren hasieran, berriz, Guardia Zibilak bi maleta susmagarri ikusi zituen Brasildik zetorren hegaldi batean. Miaketan, 3,5 eta 3,7 kilo kokaina konfiskatu zituzten. Horri lotuta, jatorri brasildarra duten emakume bat eta gizon bat atxilotu zituzten.
Atxilotu guztiei osasun publikoaren kontrako delitua leporatzen diete, eta epailearen aurretik igaro dira.
Atzemandako drogak milioitik gorako balioa luke merkatuan.