Ekonomia -

Manifestazioa apirilaren 28an

ELA eta LAB: 'Murrizketek langileen osasunari kalte egiten diote'

Sindikatuen arabera, enpresetako lan segurtasunak ez du "inola ere" hobera egin. Hori dela eta, lan segurtasuneko eta osasuneko politika publikoen "erabateko" aldaketa eskatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, STEE-EILAS, ENE eta HIRU sindikatuek aditzera eman dutenez, lan eta gizarte eskubideen "murrizketa larriak" langileen segurtasunaren eta osasunaren kontrako erasoa izan dira, batez ere lan eta pentsioen erreformen onarpena.

Apirilaren 28an lan segurtasunaren eta osasunaren nazioarteko egunaren harian, erreforma horiek, erretiratzeko adina 67 urtera atzeratzeak esaterako, langileen osasunari kalte egiten diotela iragarri dute.

Sindikatu abertzaleek manifestazioa deitu dute apirilaren 28rako. "Lanetik kaleratzea, behin-behinekotasuna eta malgutasuna bultzatzea eta enpresek erabakitzeko duten boterea handitzea" ekarri du lan erreformak; ondorioz, "ezegonkortasuna eta lan-erregulazio falta zabaldu egin dira".

Sindikatuen arabera, enpresetako lan segurtasunak ez du "inola ere" hobera egin, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari lan ezegonkortasunarekin amaitzeko borondate politiko eza leporatu diete.

ELAk, LABek, STEE-EILASek, ENEk eta HIRUk lan eta pentsioen erreforma atzera botatzea eskatu dute, lan segurtasuneko eta osasuneko politika publikoen "erabateko" aldaketa, ikuskapenak areagotzea eta prebentzio arauak betetzen ez dituzten enpresei jarritako isunak handitzea ere exijitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea