Ekonomia -

Ekainaren 19an

Euskadi Basque Country marka sustatzeko eguna ospatuko du lehen aldiz Jaurlaritzak

Bilbon egingo dute 'Euskadi Basque Country Eguna'. Marka garatzen laguntzen duten erakundeei, eragile ekonomiko, kultural, akademiko edo sozialei eta pertsonei zuzenduta egongo da.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatuta, 'Euskadi Basque Country Eguna'ren lehen edizioa egingo da Bilbon, ekainaren 19an. Euskadi-Basque Country herrialde marka garatzen laguntzen duten erakundeei, eragile ekonomiko, kultural, akademiko edo sozialei eta pertsonei zuzenduta egingo dute ospakizuna, baita nazioarteko agenda garatzen duten pertsonei edo nazioartekotze prozesua hasteko aurreikuspena dutenei ere.

Jardunaldiaren helburua da "Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea", Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gaur adierazi duenez.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inauguratuko du Eguna, "Abangoardia maite duen antzinako herria" izenburupean, eta 20 parte hartzaile inguru bilduko ditu. Gustavo Koniszczer branding aditu argentinarrak eta FutureBrand agentziako zuzendariak esparru-hitzaldi bat emango du. Bertan, Euskadi markari eta haren ikurrei buruz egindako azterketa zabalaren emaitzak eta markak eraldaketa tresna gisa eskaintzen dituen aukerak jakinaraziko ditu.

Ondoren, hiru mahai inguru izango dira, Euskadi markaren pertzepzioa hainbat esparrutik abiatuta aztertzeko. Lehen mahai ingurua, gizarte kohesioari, lankidetzari eta autogobernuari buruzkoa izango da, eta Euskadik elkartasunaren arloan bere mugen barruan zein muga horietatik kanpo egiten duen jardueran eredu propio bat izateak duen eragina aztertuko da bertan.

Mahai inguruaren moderatzailea Olatz Arrieta ETBk Bruselan duen korrespontsala izango da, eta honakoek parte hartuko dute: Estibaliz Arenzana Global Sharpers Bilbao ekimenaren koordinatzaileak, Jordi Alvareda Fair Saturday ekimenaren bultzatzaileak, Felipe Gonzalez (EHU) NBE beken aitzindariak eta Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Bigarren mahai inguruan Vanessa Sanchez ETBko kazetaria arituko da moderatzaile lanetan, eta Euskadi-Basque Country herrialde marka aztertuko da benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik. Eneko Atxa sukaldariak, Nere Lete Boiseko Unibertsitateko itzultzaileak, Miryam Miranda Musika Bulegoko zuzendariak eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao museoko zuzendariak parte hartuko dute.

Lehiakortasuna eta Hezkuntza

Hirugarren mahai inguruan, berriz, lehiakortasunaren, hezkuntzaren eta talentuaren ikuspegitik aztertuko da Euskadi-Basque Country herrialde marka. Besteak beste, honakoek hartuko dute hitza: Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak, Ricardo Diez Muiño DIPCeko zuzendariak, BCBLko eta Clara Martin Ikerbasqueko ikertzaileak eta Ohiane Pardo Amarenakeko ekintzaileak. El Correo egunkariko Adolfo Llorente kazetaria arituko da moderatzaile lanetan.

Halaber, Kirmen Uribe idazleak (New Yorketik) eta Ion Ander Beloki artistak ere parte hartuko dute jardunaldian, eta Marian Elorzak bukatuko du ekitaldia. Elorzak berak aurkezpenean adierazi duenez, "berezko balio berezietan oinarritua dagoen herrialde marka indartsua izatea aktibo izugarria da, kanpoan balio berezia ematen duena".

Euskadi Basque Country Eguna nazioartekotzearen arloko ardatzak eta ildoak zehazten dituen Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak