Ekonomia -
Egoera ekonomikoa
Arabako egoera ekonomikoa 'oso txarra' dela ohartarazi du SEAk
Arabako ekonomia "geldiunean" sartu da, azken hilabeteetan "hobealdi txikia" bizi ondoren, SEA Arabako enpresa buruen elkarteak ohartarazi duenez.
Erredakzioa
Arabako ekonomia "geldiunean" sartu da, azken hilabeteetan "hobealdi txikia" bizi ondoren, SEA Arabako enpresa buruen elkarteak ohartarazi duenez.
Juan Ugarte SEAko idazkari orokorrak agerraldia egin du Gasteizen SEAren azken barometroa aurkezteko. Arabako 243 enpresei egindako inkestan oinarritzen da dokumentua.
Arabako ekonomiaren egoera "oso txarra" dela azpimarratu du Ugartek. "Geldiuneari" aurre egiteko "neurriak" hartu behar direla esan du, eta, zentzu honetan, erakundeei eta alderdiei Arabarako garapen ekonomiaren mahaia sortzea proposatuko dietela iragarri du.
Azaldu duenez, azken sei hilabeteetan Arabako enpresen egoera ekonomikoak "okerrera egin du", batez ere eraikuntzan eta egurgintzan. Aurreikuspenak, bere hitzetan, "ez dira batere onak".
Aurkeztutako barometroaren arabera, handitu egin da atzeraldian daudela uste duten enpresen kopurua (% 7). % 8k, gainera, atzeraldia "oso gogorra" dela adierazi dute. Gauzak horrela, 2010eko urriko barometrotik, atzeraldian dauden uste duten enpresen portzentaia % 44tik % 51ra igo da.
Egoerarik latzena eraikuntzak eta egurgintzak bizi dute. Iazko datuekin alderatuz, eskaera % 24 eta % 36 gutxitu da alor honetako enpresetan.
Eraikuntzako enpresen artean, % 80a atzeraldian daudela ohartarazi du SEAk, Datu hau % 88ra igo da egurgintzan. Metaleko enpresetan, atzeraldian dagoen kopurua % 43koa dela jakinarazi dute.
Arabako enpresen % 48k iragan urteko hilabete berean izandako fakturazioa jaitsi egin dute. Ardogintzak eta sektore kimikoak, aldiz, gora egin dute azken hilabeteetan.
SEAren hitzetan, egoera "kezkagarria" da eta neurriak "berehala hartu behar dira". Susperraldia "luzea eta gora-beheratsua" izango da, Arabako patronalaren iritziz, eta horregatik, "arduraz" jokatzeko deia luzatu diete agintariei eta finantza erakundeei.