Ekonomia -
Greba eguna Euskotrenen
Langileen % 32k egin dute lanuztea, Euskotrenen arabera
Euskotreneko langileen % 32k enpresa batzordeak deitutako lanuztea egin dute, eta Gobernuak ezarritako oinarrizko zerbitzuak eman direla ziurtatu dute.
Erredakzioa
Enpresak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, langileen % 68k ez dute lanuztean parte hartu, eta beraz, gutxieneko 68 zerbitzuak, eta beste 86 gehiago eman ahal izan dituzte.
Goizean Jose Ignacio Asensio, Euskotreneko zuzendari orokorrak esan du komiteak deituta langileek egin duten lanuzteak (08:00etatik 09:00etara) "% 40ko jarraipen eskasa" izan duela; horrek, zuzendariak gaineratu duenez, "horrelako grebak egiteko dagoen lan motibazio eskasa" erakusten du.
Euskal Ganberako korridoreetan, komiteak goizerako deitutako lanuzteak izan duen jarraipenaren gaineko datuak eman ditu Asensiok; lanuzte horrek trenei, funikularrei, autobusei eta tranbia konpainiei eragiten die.
Goizeko greba 08:00etatik 09:00etara egin dute eta arratsaldekoa, berriz, 17:00etatik 18:00etara izango da. Euskotreneko zuzendariak goizeko lanuztearen gaineko datuak eman ditu eta nabarmendu duenez, ez da inolako istilurik izan goizeko grebak iraun duen bitartean.
Ezarritako gutxiengo zerbitzuei dagokienez, "Eusko Jaurlaritzak ezarritakoen bikoitza" izan dela esan du Asensiok.
Greba deialdia apirilaren 7an egin zuen Euskotreneko komiteak Euskal Autonomia Erkidego osorako, "lan eskubideetan atzeraka" egitearen aurka. Euskotrenek hiru lanpostu kendu zituen Gipuzkoan, horietako bi seme-alaben zaintze aldera lanaldia murrizteko eskatu zuten bi pertsonarenak ziren, komiteak esan zuenez.
Egun horretan bertan Euskotrenetik argitu zuten "guztiz justifikatuta eta legearen barruan" zegoela postu horiek "soberan" zeudela eta gaineratu zuten lana familiarekin uztartzeko politikak babesten dituztela.