Ekonomia -

Hazkunde ekonomikoa

Merkataritza Ganberak EAErako hazkunde aurreikuspenak murriztu ditu

Suspertze ekonomikoari apurka eutsiko zaion arren, 2011 "urte zaila izango da gure enpresentzat".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Merkataritza Ganberak hamarren bat jaitsi du euskal ekonomiaren aurtengo hazkunderako aurreikuspena; hain zuzen ere, BPGren % 1,2tik % 1,1era jaitsi du, agiri batean jakinarazi duenez.

Suspertze ekonomikoari apurka eutsiko zaion arren, 2011 "urte zaila izango da gure enpresentzat"; "ekonomiaren eta lan-merkatuaren susperraldia iragarritakoa baino astiroago joango da", Bilboko Merkataritza Ganberaren arabera.

Erakunde horretako kideen hitzetan, energiaren prezioak igotzen jarraitzen badu, ezin izango da inflazioaren (% 3,5) hazkundea moteldu, eta horrek eragina izango du kontsumoan, ekoizpenean eta enpleguan.

Bestalde, interes-tasen igoerak "egoera ekonomiko zail batean harrapatzen gaitu, familiei gastatzeko ahalmena kentzen die, eta enpresen inbertsioa gutxitzen du".

Merkataritza Ganberaren arabera, kanpo sektorearen "mendekotasun handi eta arriskutsuari aurre egin behar diogu", eta langabeziaren arazoari "epe laburrean irtenbidea bilatzea zaila izango da".

Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidentearen hitzetan, "arin eta modu eraginkorrean aritzeko unea da, helburu zehatzekin, modu koordinatuan eta guztiok parte hartuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea