Ekonomia -

Lan gatazka

Aguraingo DHL gune logistikoko beharginak, greba mugagabean

110 langile ditu, eta gehienbat Eroskirentzako eta Legazpiko Bellota enpresarentzako lan egiten du. Lan hitzarmenaren negoziazioa zortzi hilabete baino gehiago luzatu da.

DHLko beharginen elkarretaratzea Lan Ikuskaritzaren aurrean. Argazkia: LAB
DHLko beharginen elkarretaratzea Lan Ikuskaritzaren aurrean.
DHLko beharginen elkarretaratzea Lan Ikuskaritzaren aurrean. Argazkia: LAB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aguraingo (Araba) DHL gune logistikoko langileek greba mugagabea hasi zuten iragan ostegunean lan hitzarmenaren defentsan. ELA sindikatuak salatu duenez, zuzendaritzak hitzarmena "edukiz hustu" nahi du.

Aguraingo lantegiak 110 behargin ditu, eta gehienbat Eroskirentzako eta Legazpiko Bellota enpresarentzako lan egiten du. 110 langiletik 80 lan hitzarmenaren eraginpean daude.

Zortzi hilabete baino gehiago negoziatzen eman eta dozena bat bilera baino gehiago egin ondoren greba deitu dute. 2017ko abenduaren 31n hitzarmena amaitu zen, eta "soldata igoerak" merkantzia garraio hitzarmen probintzialari lotzeko asmoa du zuzendaritzak.

Bestalde, ELAren ahotan, soldata eskala bikoitza mantendu nahi du enpresak. Horrela, lan bera egiten duten pertsonak 3.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzte, aldi baterako langileak direlako edo hitzarmena sinatu ondoren hasi zirelako lanean.

Salaketa Ikuskaritzaren aurrean

Zuzendaritzak aldi baterako laneko enpresen (ABLE) eta "behin-behinekotasunaren iruzurrezko erabilera" egiten jarraitzen duela salatu du sindikatu abertzaleak. Lan Ikuskaritzaren txosten batek berretsi zuela gogorarazi du ELAk, baita enpresari isuna jarri ere.

Gainera, enpresa-batzordeak salaketa berri bat aurkeztu du Lan Ikuskaritzan. Ebazpenaren zain daude; izan ere, zuzendaritzak gaia negoziazioan eztabaidatzeari uko egin baitio.

Aguraingo DHL gune logistikoko enpresa-batzordearen eta langileen aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: lanaldiaren murrizketa, KPIren araberako soldata igoerak, soldata eskala bikoitza desagertzea eta kontratu mugagabeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba ELA Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Agurain Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak