Ekonomia -

Burtsa

MásMóvil konpainia gipuzkoarra IBEX 35ean sartuko da ekainaren 24an

Arantxa Tapia sailburua pozik agertu da, "esanguratsua baita, MásMóvil Taldearentzat zein euskal enpresentzat jauzi kualitatiboa delako".

Espainiako Burtsaren informazio panel bat. Artxiboko argazkia: EFE/ Rodrigo Jimenez
Espainiako Burtsaren informazio panel bat.
Espainiako Burtsaren informazio panel bat. Artxiboko argazkia: EFE/ Rodrigo Jimenez

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

MásMóvil Taldea telekomunikazioko konpainia IBEX 35 Espainiako burtsaren adierazle nagusian sartuko da ekainaren 24an, Técnicas Reunidas ordezkatuz, burtsa adierazlearen Aholku Batzorde Teknikoak ostegun honetan jakinarazi duenez.

MásMóvil Gipuzkoan sortu zuten, eta 2017ko uztailaren 14an kotizazio merkatura egin zuen salto, Burtsa Merkatu Alternatiboan (MAB) bost urte eman ondoren. Orain, IBEXean sartu ostean, Espainiako 35 konpainia nagusietako bat bilakatuko da.

IBEX 35aren Aholku Batzorde Teknikoak MásMóvil barneratzea adostu du ohiko bileran. Gaurko saioan, konpainiak % 1,46 egin du gora, eta akzioa 20,80 euroan kokatu da. Dagoeneko, 2.500 milioiko kapitalizazioa lortu du.

Balio horrek beste konpainia askorena gainditzen du, eta, kapitalizazioaren arabera, MásMóvil zazpigarren tokian sailkatuko litzateke. Gaur egun, Técnicas Reunidasek du leku hori. Azken horrek % 0,09 egin du gora gaurko saioan, eta 23,32 euro akzioko eta 1.303,2 milioi euroko kapitalizazioa lortu ditu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua pozik agertu da, "esanguratsua baita, MásMóvil Taldearentzat zein euskal enpresentzat jauzi kualitatiboa delako".

MásMóvil konpainiak Zuatzu Enpresa Parkean du egoitza, Donostian.

Tapiaren ahotan, albistea "unerik egokienean heldu da. Hain justu ere, euskal enpresak eraldaketa digitalean murgilduta daudenean, 4.0 Industriaren zerbitzu aurrerakoiekin gero eta lotuago".

"Bere garrantzia eta bokazioa ongietorriak dira, Eusko Jaurlaritzak enpresa honen bilakaera txalotzen du; izan ere, start up gisa jaio zen enpresa-sorkuntzarako euskal ekosisteman", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Enpresaburuak