Ekonomia -

2010eko errenta kanpaina

Arabako eta Bizkaiko Ogasunek 287 milioi euro itzuli dituzte

Errenta aitorpenaren zirriborroa etxean jaso zutenei itzuliko diete lehendabizi dirua. Aurtengoan, 122.000 zirriborro bidali zituzten Araban eta 350.000 Bizkaian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010ko errenta zirriborroa etxean jaso dutenei dirua itzultzen hasi dira dagoeneko Arabako eta Bizkaiko foru ogasunak.

Horrela, Bizkaiko Ogasun Sailak gaur, astelehena, ekin dio itzultzeari. Errentaren aitorpenaren zirriborroa etxean jaso eta itzultzeko emaitza izan zutenak jasoko ditu lehendabizi dirua, 240 milioi euro baino gehiago, hain zuzen ere.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun Saileko foru diputatuak jakitera eman duenez, 600.000 aitorpen baino gehiago espero dituzte. Horietako % 81etan dirua itzuliko dute (539 milioi euro) eta gainerako % 19an zergadunek ordaindu egin beharko dute.

Diputatuak baieztatu duenez, Rentanet Etxean aitorpena egiteko zerbitzuak "harrera ona" izan du. Izan ere, 350.000 aitorpen bidali dituzte zerbitzu honen bidez eginda, martxoaren amaiera eta apirilaren amaiera bitartean.

Arabako Ogasunak 47,2 milioi euro itzuli ditu dagoeneko

Arabako Foru Aldundiko Ogasun Sailak, bestalde, 47,2 milioi euro itzuli ditu jada, Rentafacil zerbitzuaren bitartez onartutako 58.958 aitorpenei dagozkienak, alegia.

Zergadunen etxeetara bidalitako 122.000 aitorpenetatik, 49.691ri dirua itzuli diete, 7.644ri ordaintzea egokitu zaie eta, azkenik, 1.623 aitorpen baliogabetu dituzte.

Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun Saileko foru diputatuak gogoratu duenez, joan den apirilaren 4an hasi zen aurtengo errenta kanpaina. Gaur, astelehena, Rentaraba kanpainaren bigarren faseari ekin diote, zirriborroa etxean jaso ez zuten 58.000 zergaduni zuzenduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea