Ekonomia -

Balantzea

Patxi Lopezekin langabezia % 29 hazi dela salatu du EAJk

Aralarren arabera, Jaurlaritzak egin duen bakarra murrizketa sozialak "bere egitea" izan da. Ezker Batuak "ezkerreko" neurririk ez duela hartu leporatu dio lehendakariari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxeberria EAJren legebiltzarkideak salatu du Patxi Lopez lehendakari denetik langabezia % 29 hazi dela EAEn.

Gatzagaetxeberriak prentsaurrekoa eman du Legebiltzarrean Joseba Egibar bozeramaile jeltzalearekin batera Jaurlaritza sozialistaren bi urteko balantzea egiteko.

"Lopezen Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomikoaren balantzea" langabezia ia hamarretik hiru hazi dela da, Gatzagaetxeberriaren esanetan.

Legebiltzarkide jeltzaleak esan du "ekonomia geldirik" dagoela eta horrek ez duela lana sortzen uzten, baina horren aurrean Jaurlaritzak ez duela "buruzagitzarik" erakutsi eta ez duela "aurre hartu" kritikatu du.

Horren harira, Egibarrek esan du bere alderdiak ez duela nahi arazo gehiago egotea "errua Jaurlaritzari egotzi ahal izateko", helburua herritarren ongizatea dela azpimarratu du.

"Arazo larriena honakoa da: krisi ekonomikoari eta bere eraginei aurre egin behar dien erakundea bera arazo bihurtzea", Egibarrek adierazi duenez.

Gipuzkoako jeltzaleen buruak gogora ekarri duenez, legegintzaldiaren hasieran lehendakariaren eta PSE-EEren programa Espainiako Gobernuarena zela salatu zuten, eta orain frogatu omen dute ez zuela ekonomiari aurre egiteko programarik.

Aralar

Aintzane Ezenarro Aralarren legebiltzarkideak esan du "iraingarria" izan zela atzo lehendakariak bere kudeaketa "bikaina" izan zela esatea.

Ezenarroren arabera, Jaurlaritzak egin duen bakarra murrizketa sozialak "bere egitea" eta zorra handitzea izan da. Gainera, gogor kritikatu du aurreikusitako lege proiektu garrantzitsuenak (udal eta etxebizitza legeak) aurrera eraman ez izana.

Ezker Batuaren balantzea

Ezker Batutik, Mikel Aranak hitz egin du eta bi urtetan PSE-EEk ez duela "ezkerreko neurririk" sustatu kritikatu eta hori salatzeko garaia dela esan du, "PSOEri asko gustatzen baitzaio hauteskunde-kanpainan ezkertiarra dela goraipatzea".

Patxi Lopezek lehengoan egin zuen balantzean "langabezian dauden 33.000 familiak" ahaztu zitzaizkiola aipatu du Aranak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea