Ekonomia -
Amiantoaren eraginez
Auzitegi batek CAF enpresa zigortu du, langile ohi baten heriotzagatik
Hildako langileak soldatzaile lanak egin zituen CAF enpresako produkzio sekzioan; bertan, amiantoa erabiltzen zuten, material isolatzaile gisa, bagoien muntaian.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako auzialdiko epaitegi batek CAF enpresari amiantoak eragindako heriotza bat dela eta ezarritako zigorra. Langileak amiantoaren eraginpean lan egin zuen CAF enpresan, eta mineral horrek eragin zion gaixotasun batek jota hil zen. CAFek helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra berretsi du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Gelak ez du CAF enpresak Donostiako epaitegiaren epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa onartu. Enpresak beharrezko segurtasun neurriak hartu ez zituela ebatzi zuen orduan Donostiako epaitegiak, eta Auzitegi Nagusiak apirilaren 19an eman eta gaur zabaldu duen epaiak hori berretsi du.
Hildako langilearen familiari 104.837 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen CAF enpresa.
Langilea 2007an hil zen "ezkerreko mesotelioma pleural" baten eraginez, “etengabe amiantoaren eraginpean lan egiteagatik”. Auzialdiko epaitegiaren erabakiaren arabera, gainera, langilearen heriotzak jatorri profesionala izan zuen.
Hildako langileak soldatzaile lanak egin zituen CAF enpresako produkzio sekzioan; bertan, amiantoa erabiltzen zuten, material isolatzaile gisa, bagoien muntaian.