Ekonomia -
Lan gatazka
Txandako bi orduko lanuzteak, Bizkaiko igerileku eta kiroldegietan
Zehazki, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era izango dira lanuzteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko igerilekuetako eta kiroldegietako langileentzat "lan baldintza duinak eskatzeko", lau orduko lanuzteak deitu dituzte gaurko (txandako, bi ordukoak).
Uztailaren 4ko eta 9ko lanuzteen eta ekainaren 27ko eta uztailaren 5eko 24 orduko greben ondotik, geldialdiak egingo dituzte 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, txandako bi orduko lanuzteak egitera deituta daude langileak hilaren 13an.
Bestalde, langileek batzarra egingo dute bihar, osteguna, aurrera begirako mobilizazioez erabakitzeko. Halaber, sindikatuen eta patronalaren arteko hurrengo bilera uztailaren 15ean izango da.
Langileen aldarrikapenak
Kiroldegietako langileen baldintzak hobetzea da sindikatuen helburua. LABeko iturriek eitb.eus-i azaldu diotenez, eskakizunak bi ardatzen inguruan egin dituzte: batetik, lanaldia 35 ordura igotzea (eskakizun horrek ez du presarik, eta progresiboki igotzea proposatu dute), eta bestetik, enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea (prestakuntzarako eta atsedenerako tartea handitzea, lanpostuak egonkortzea, soldatak egokitzea...).
"16 hilabete daramatzagu negoziatzen, eta gaur-gaurkoz blokeoa dugu", erantsi dute. LABen esanetan, grebaren bezperan bildu dira CEBEKeko ordezkariekin. Azkeneko batzarrean "maximoen proposamen bat" egin zien patronalak, eta ez dute uste hortik mugituko denik. Hala gertatuko balitz, uztailean mobilizazio gehiago egiteko asmoa dute