Ekonomia -
Martxoaren 14tik martxan
Lanbidek 9.645 laguni bidali dizkie lan eskaintzak SMS bidez
Martxoaren 14an telefono mugikor zerbitzua jarri zutenetik, 1.448 lan eskaintza bidali dizkie 10.000 eskatzaileri; horrek komunikazioa "zuzena eta eraginkorra" egiten duela azaldu dute Lanbidetik.
Erredakzioa
Telefono mugikor zerbitzua martxan jarri zuenetik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak SMS bidez 1.448 lan eskaintza bidali dizkie 9.645 lan eskatzaileri.
Komunikatu baten bitartez Lanbidek azaldu du SMS gehien Bizkaian jaso dituztela, 5.517 lagunek, hain zuzen ere. Gipuzkoan 2.677 lan eskatzailek jaso dituzte mugikorreko mezu bitartez lan eskaintzak, eta Araban, berriz, 1.451k. Sistema berri honekin, langabetuarekin komunikazioa "zuzenagoa eta eraginkorragoa" dela azpimarratu du Javier Ruizek, Enplegu eta Plangintzako sailburuordeak.
"Lan eskaintza ugari bete ditugu eta mota askotakoak; prestazio handiko lanpostuetatik, profil baxuagoa dutenetaraino. Prozesu horrekin lan eskatzaileak portaera aktiboagoa du lan merkatura sartzeko", azaldu du sailburuordeak.
Sistemaren funtzioa
Tresna berriaren bitartez, lan eskatzaileei Lanbideren baldintzak betetzen dituzten jakinarazten zaie, eta SMS bitartez, berriz, eskaintzaren erreferentzia eta lanpostuaren izena jakinarazten zaizkie. Hori guztia, lan eskatzaileak lan merkatuan sartzeko prozesua "erraztu eta azkartzeko", Ruizek esan duenez.
Lanpostua eskaintzen duen enpresari, eskatzen duten profilera hobekien egokitzen diren hautagaien zerrenda bidaltzen die Lanbidek; bideratu duten lan eskaintza bakoitzak 6,6 hautagai zituen, Euskal Enplegu Zerbitzutik esan dutenez.