Ekonomia -
Lehen seihilekoa
Diru-bilketak % 2,6 egin du gora ekainera arte, eta 5.880 milioi bildu dira dagoeneko
Batez ere Bizkaiak bultzatu du hazkundea. PFEZk, laneko atxikipenetan, eta BEZak datu positiboak eman dituzte hiru lurraldeetan.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko hiru ogasunek 5.880 milioi euro bildu dituzte urteko lehen seihilekoan, 2018ko epe berdinarekin alderatuta, % 2,6ko hazkundea, hau da, 150 milioi gehiago.
Batez ere Bizkaiak bultzatu du hazkundea; izan ere, diru-bilketaren gorakada handiena izan da lurralde horretan. Hain zuzen ere, % 4 egin du gora, 3.455 milioietara heldu da, hau da, aurreko ekitaldian baino 134,1 milioi gehiago.
Araban, % 1 gehiago bildu dute urtarriletik ekainera, 838 milioi (9 milioi gehiago). Gipuzkoan, 1.587 milioi bildu dituzte, hau da, 7,5 milioi gehiago (% 0,5).
PFEZk (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga), laneko atxikipenetan, eta BEZak datu positiboak eman dituzte hiru lurraldeetan, baina errenta aitorpeneko eta aitatasun zein amatasun diru-laguntzetako zergen itzulpenak hiru ogasunak zigortu ditu.
Bizkaiko Foru Ogasunak 3.455 milioi euro bildu ditu urteko lehen seihilekoan, aurreko ekitaldian baino % 4 gehiago (134,1 milioi gehiago).
Bizkaiko Ogasunak astelehen honetan jakitera eman duenez, 2019 osorako aurreikusitakoaren (7.868,3 milioi euro) % 43,9 bildu dute dagoeneko.
Bildutako horretatik, 1.369,5 milioi euro zuzeneko zergak izan dira, iaz baino 24,8 milioi euro gehiago.
Beste 1.892,9 milioi euro zeharkako zergak izan dira, iaz baino 76,1 milioi gehiago, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei egin beharreko ordainketak kendu ondoren (309,4 milioi euro lehen seihilekoko BEZ eta zerga bereziengatik).
Zuzeneko zergen artean, PFEZk (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) % 3,2 egin du gora. Laneko atxikipenak % 4,9 egin du gora.
Nahiz eta errenta aitorpeneko kanpainan itzulpenak areagotu eta amatasun zein aitatasun diru-laguntzengatik ordaindutako zergak bueltatu, PFEZren diru-bilketak gora egin du.
Enpresek ordaintzen duten bazkun-zergaren ekarpenak, aldiz, behera egin du: 2019ko lehen erdian 141 milioi euro bildu dira, iaz 159,8 milioi izan zirenean.
Kapital higigarriaren etekinak behera egin du (11,7 milioi gutxiago), baita zergaren kuota diferentzialak ere (2018an baino 4,9 milioi gutxiago), Bizkaiko Ogasunaren arabera.
Zeharkako zergen esparruan, BEZrekin 1.369 milioi euro bildu ditu Bizkaiak (14,4 milioi gehiago).
Zerga Berezien kasuan, Hidrokarburoek % 13,2 egin dute gora eta Tabakoak % 2,6. Argindarrak, ostera, % 3,1 egin du behera.
Gipuzkoan, PFEZk 598,6 milioi bildu ditu, % 1,3 gehiago. Laneko irabazien atxikipenak % 4,8 egin zuen gora; sozietate-zergak, ostera, % 19,5 egin zuen behera (66,9 milioi).
BEZak % 1,1 egin zuen behera. Zergak 533,2 milioi bildu ditu Gipuzkoan, itzulpenak diru-sarrerak baino gehiago areagotu direlako.
Araban, PFEZk % 6,4 egin du behera (309 milioitan geratu da), aitatasun eta amatasun diru-laguntzen eta errenta aitorpeneko itzulpenen ondorioz, nahiz eta laneko irabazien atxikipenak % 4,9 gora egin, hau da, 17 milioi gehiago.
Bazkun-zergarekin 34 milioi euro bildu zituzten, % 6,5 gehiago, eta BEZarekin 284 milioi, % 3,3 gehiago.